GARA
SASKIBALOIA

Fontecchioren mailarik onena Betisi irabazteko

Baskoniak aspalditik behar zuen garaipen “erraz” eta “lasaia” lortu zuen atzo, Buesa Arenan, Betisen aurka (93-72). Simone Fontecchio italiarra izan zen partidako protagonista nabarmenena, 27 puntu eta 39ko balorazioa lortuta.

Dena ez zen arrosa kolorekoa izan. 5.107 ikusle bildu zen harmailetan –11.786raino bete zitekeen– eta Baldwini zuzendutako txistuak entzun ahal izan ziren. Gainera, Alec Petersek ezin izan zuen jokatu belaun pareko bikian zituen arazo batzuengatik.

Gauzak hala, partida hasieran, saskiratzeak alde batean eta bestean erori ziren. Hori bai, Baskoniak Shannon Evansek ezarri nahi zuen erritmoari aurre egin eta lehen laurdena 22-17 aurretik amaitu zuen.

Betiseko Jacob Wileyren kantxaratzeak arazoak ekarri zizkion talde gasteiztarraren defentsari. Ez zuen aurkaririk izan saskipean, baina Baskoniak Fontecchioren inspirazioari esker bizirik jarraitu zuen.

Gainera, Matt Costello ere bere mailarik onena ematen hasi zen eta 14-0ko partzial garrantzitsu bat lortu zuen Baskoniak, atsedenaldira 46-32 aurretik joateko.

Hirugarren laurdenean, Anzejs Pasecniksek Wileyren lekukoa hartu eta 12 puntu eskuratu zituen lau minutuan; markagailuan 52-50ekoa ipini zuen (25. minutua).

Kasu honetan, segituan altxatu zuten burua gasteiztarrek Costello, Fontecchio eta Rokas Giedraitisen bitartez, eta Baskoniak berriro hartu zuen errenta garrantzitsu bat, laurdena 66-56 amaitzeko.

Antolaketan eta barruko jokoan oraindik asko hobetu behar badu ere, Baskoniak ondo dominatu zuen azken laurdena eta itxaropenerako tartea utzi zuen garaipenarekin.