Ion GARATE - Arnaitz GORRITI
IRAUPEN ESKIA

«Presiorik gabe», Rojok bere «emaitzarik onena hobetu» nahi du

Estilo libreko 50 kilometroko proba da Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrari gehien gustatzen zaiona eta, hotza eta ibilbidearen zailtasuna aintzat hartuta, gaur goizean Pekineko Olinpiar Jokoetan «atzetik aurrerako lasterketa» egin eta «aurreneko hamabosten barruan» sartzeko itxaropentsu azaldu zen atzo NAIZ Irratian.

«50 kilometroko azkeneko lasterketa hau da gehien gustatzen zaidana eta eskiatloiko emaitzak hobetzea espero dut», adierazi zuen gipuzkoarrak lehiatu aurretik.

Tolosarrak 21. postuan amaitu zuen eskiatloiko proba eta 39. helmugaratu zen estilo klasikoko 15 kilometroko proban. Bi proba horietan duela lau urte Pyeongchangen lortutako emaitzak hobetu zituen, eta helburu hori bera betetzea da gipuzkoarraren azken helburua bere proba kutunean ere.

«Beti esan dut nire helburua Olinpiar Jokoetan lortu ditudan emaitzak hobetzea dela. Eskiatloiko emaitza hobetuko banu gauza ona izango litzateke, baina, egia esanda, ongi sentitzen naiz eta ea aurreneko hamabost horietan sartzea lortzen dudan», aipatu zuen.

Ibilbide gogorra izango du aurrez aurre elurraren eta eguraldiaren baldintzak dela-eta. «Zeropetik 15 gradu inguru espero dira eta haize handia gainera. Eta elurra bera ere oso motel egongo da. Baldintzak oso gogorrak izango dira, baina oso motibatuta nago lasterketa oso ongi prestatu dudalako. Talde barruan ahal den denbora guztian egon beharko da eta, azken aldera, berriz, ahal bezain beste postu aurreratzen joan, aurreko finaletan egin nuen bezala, atzetik aurrerako lasterketa eginez», azaldu zuen Euskal Herriko 07.00etan hasiko den probaren atarikoan.

Azkeneko proba honi begira, «presiorik gabe» ikusten du bere burua Imanol Rojok. «Eskiatloiko proba egin arte sekulako presioa nabaritzen nuen, baina hura amaitu nuenean gainetik kendu nuen eta harrezkero Olinpiar Jokoez disfrutatzen ari naiz. Presiorik gabe, 50 kilometroko finalean dena ematen saiatuko naiz», laburbildu zuen iraupen eskiatzaile tolosarrak.

Proba berean lehiatu da Manex Salsamendi nafarra ere, Brasilgo selekzioarekin. 19 urteko eskiatzailea bere aurreneko Olinpiar Jokoetan ari da parte hartzen. Orain arte hiru modalitatetan lehiatu da: 1,2 kilometroko esprintean 71. postuan bukatu zuen, eskiatloian 67. lekuan eta estilo klasikoko 15 kilometroko proban, 90. postuan.