Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezkurdiak eta Tolosak ez dute azken hitza esan

Aspekoak play-offetara sailkatu dira atzo mendean hartu zituzten Urrutikoetxea eta Arangurenen kaltetan.

URRUTIKOETXEA-ARANGUREN 20

EZKURDIA-TOLOSA 22


Ezkurdiak eta Tolosak bizirik jarraitzen dute Binakako Txapelketan. Atzo 20-22 irabazi zieten Urrutikoetxea eta Arangureni Zallan eta beraientzat da play-offerako txartela. Baikokoek, aldiz, agur esan diote lehiaketari ligaxkako bigarren itzulian garaipen bat bera ere lortu gabe.

Hasieratik nabaritu zen atzokoa neurketa erabakigarria zela Mimetiz pilotaleku urdinean. Lau pilotariak oso lotuta aritu ziren lehen pilotakadatik, hutsik ez egiteko helburuarekin, eta jokatzeko modu horrek gorriei egin zien mesede. Atzean Aitor Aranguren Xabi Tolosa baino indartsuago aritu zen lehen zatian eta aurrean Mikel Urrutikoetxeak ongi baliatu zituen bere aukerak markagailuan aldeak irekitzeko.

Beste munduko ezer egin gabe 9-3 eta 11-4 aurreratu ziren gorriak. Tolosak eramateko moduko bi sake goiko koltxoira bidali zituen, eta Ezkurdia batere inspirazio gabe sartu zen norgehiagokan. Are gehiago, normalean atzelariari kentzen dizkion pilota txar horietara ere gutxiagotan sartu zen.

Baina lehen atsedenaldi luzearen ondoren (12-6koa zen emaitza une horretan), jokoa aldatzen hasi zen. Ezkurdiak ikusten zuen jokoa aurrean gehiago nahastu beharra zeukala aurkariei min egiteko, eta apurka-apurka bere legea ezartzen hasi zen. Tantaka bazen ere, jokaldi bikainak sinatzen joan zen arbizuarra. Atsedenaldiaren aurretik eginak zituen pare bat horma-biko bikain, eta ondoren beste hiru tanto eder egin zituen.

Eta Tolosak ere gora egin zuen nabarmen, zaila da esatea Ezkurdiak bultzatuta etorri zen gorakada hori edo Tolosaren hobekuntzak ekarri zuen Ezkurdiarena. Pilota aldaketek ere izango zuten eragina. Kontua da neurketa lehen aldiz berdintzea lortu zutela 15-15ekoan, Tolosak atzean amaitu zuen tanto ikaragarri gogor baten ondoren.

Gorriak oso ukituta zeuden une horretan, eta bazirudien urdinak olatu gainean zihoazela zuzenean 22ra. Baina ez, oraindik izerdia majo bota beharra izan zuten. Lehen ekinaldian 16-19 aurreratu ziren arren, Urrutikoetxearen bi tantorekin 20-20 berdindu zuten gorriek.

Eta une erabakigarrian, kale edo bale egin beharra zegoenean, Joseba Ezkurdia agertu zen eta berak erabaki zuen neurketa bi tanto bikainekin. Ezkurdiaren eta Tolosaren arteko besarkadak argi erakutsi zuen urdinen poza, une askotan txapelketatik kanpo zeudela sentitu ostean.

Txapeldunak, sailkatuta

Atzoko beste partidan, Peña II.ak eta Albisuk 14-22 irabazi zieten Irribarria eta Rezustari Labriten. Emaitza horrekin, ostiral gauean garaipena lortu zuten Elezkano II.a eta Zabaleta finalerdietako ligaxkara sailkatu ziren zuzenean eta Irribarria-Rezustak gaur Eibarren gertatzen denaren zain geratu beharko dute. Altuna III.ak eta Martijak irabazten badute, finalerdietarako txartela eskuratuko dute. Aldiz, Laso eta Imaz badira Astelenan gailentzen direnak, Irribarria eta Rezustarentzat izango da txartela. Labriteko partidan, Peña eta Albisu 5-12 aurreratu diren, baina gero 14-15 ere egon ziren.