Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA
MARTXOAREN 8A

«Zapaltzen gaituen sistemari sua», aurtengo Martxoaren 8ko aldarria

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoaren 8a aurkeztu zuen atzo Iruñean, emakume guztioi «martxan» jartzeko gonbita luzatuz. «Ez gaitezen egun solte honetan geratu, antolatu gaitezen kaleak betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte», adierazi zuten. Euskal Herriko hiri, herri eta auzo ugaritan deitu dituzte mobilizazioak.

“Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra” lelopean aterako da kalera Euskal Herriko Mugimendu Feminista Martxoaren 8an. «Den-dena erraustu nahi dugu, bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko. Horretarako, feminismoa da bidea», adierazi zuen Ane Zaldua Larrazak Iruñean egindako aurkezpenean.

Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan egingo dituzte mobilizazioak Martxoaren 8an. Atzo hiriburuetako hitzorduen berri eman zuten. Baionan elkarretaratzea 18.00etan izanen da, Merkatu plazan; Donostian, Antiguako tuneletik abiatuko da manifestazioa, 18.30ean; Gasteizen, 19.00etan, San Anton plazatik; Bilbon, 19.30ean, Jesusen Bihotzetik; eta Iruñean, azkenik, 20.00etan, Antoniuttitik.

«Jendartearen zati handienarentzat eta bereziki emakumeontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu», adierazi zuen Zalduak. Horretarako antolatzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen. «Lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa». Eta mugimendu plurala dute horretarako. «Emakume guztioi irekita izan behar dugu. Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar dugu hainbeste esfortzuri esker lortutako eskubide sozialetan atzerapausorik izan ez dadin».

Era berean, «egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea» eskatu zuten; «bizitza politizatzea» eta horretarako «erdigunean jartzea» defendatu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Bide horretan, Atzerritartasun Legea indargabetzea eskatu zuten. «Ez ditugu mugak onartzen, ezta gorrotozko diskurtsoak edo xenofobia ere».

Zaintzaren eta etxeko lanen aldarrikapena ere egin zuten Iruñean. «Pandemia urte hauetan agerian geratu den bezala, funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko», baina, salatu zutenez, gaur egungo eredua «emakumeon gainesplotazioan» oinarritzen da, bereziki emakume migratuek pairatzen dutena. «Aliantza heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da».

Faxismoa gelditu

Soldata arrakalarekin bukatzeko enplegu duinen beharra ere izan zuten mintzagai, eta pentsio sistema publikoaren defentsa ere egin zuten. Modu berean, desgaitasunen bat duten pertsonek, «bereziki emakumeek», pairatzen duten «indarkeria espezifikoa» ekarri zuten gogora. «Emakume guztiontzako jendarte irisgarria exijitzen dugu».

Hori dela eta, «sistema honi su» eman nahi diotela berretsi zuten. «Ezin dugu onartu emakume bakar bat gehiago eraila izatea. Instituzio publikoak ere indarkeria honen erantzule dira, ez baitute baliabide nahikorik jartzen». Ildo berean, apustu irmoa egin zuten «feminismoaren kontra gorrotoz eta amorruz iraultzen den eta askatasunaren esanahia hutsaldu duen faxismoaren aurka, feminismoa jopuntuan duen faxismoak tokirik ez duen jendarte baten alde». Azkenik, egungo sistema errotik iraultzeko beharra azpimarratu zuten, “Zapaltzen gaituen sistemari sua”» leloa nabarmenduz.