Ane URKIRI ANSOLA
BEIJING 2022

Emaitzei balio handiagoa emango zaie denborarekin

Euskal ordezkariak pozik agertu dira Olinpiar Jokoetan lortutako postuekin. Imanol Rojo eta Lucas Egibarrek prentsaurrekoa eman dute Donostian.

Lau euskal kirolari izan ditugu azken Neguko Olinpiar Jokoetan: debut olinpikoa egin duten Adur Etxezarreta eta Manex Salsamendi eta jada hirugarren aldiz lehiatu diren Lucas Egibar eta Imanol Rojo. Azken biek, Basque Team Fundazioko bekadunek, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Donostian eta azken egunotan esandakoa berretsi zuten: «pozik» daudela, alegia.

Egibarrek, Sotxin erdietsitako zazpigarren postua errepikatu du Beijingen eta beraz, bide batez, Pyeongchangeko emaitza ere hobetu du. Azken urtean hainbeste amesgaizto eragin dizkion bizkarreko minak ez dio erraz jarri Olinpiar Jokoetara maila onean iristea –«erlojuaren kontrako borroka izan da», zehaztu zuen– eta, beraz, «diploma olinpikoak zapore ona uzten dit, nahiz eta noski, domina bat irabaztea desio izan».

Rojok, bestalde, aise hobetu ditu aurreko bi hitzordu olinpikoetan lortutako emaitzak. Joan Giroren Espainiako marka hobetzeko gai ere izan zen 15 kilometroko lasterketa klasikoan, 39. postuan helmugaratuta. Beste bi lasterketetan –eskiatloian eta azkenean 30 kilometrora moztu zuten lasterketa klasikoan– gutxi falta izan zitzaion hogei onenen artean helmugaratzeko; 21. postua lortu zuen eta hala, ezinbestean, «positiboki baloratzen» du egindakoa.

Nolanahi ere, Rojok nabarmendu nahi izan zuen azken proba hasi baino hiru ordu lehenago jakin zutela, haizeteak zirela-eta, lasterketa moztuko zutela. Penatuta agertu zen irteeran «atzean geratu» eta lehen hamabosten artean sartzerik izan ez zuelako. «Juan Jose Gutierrezen marka hobetu nahi nuen, 19. postu hori; alde horretatik, arantzarekin geratu naiz, baina, oro har, pozik nago eta hogei egun barru gehiago baloratuko dut», adierazi zuen.

Datorrenari tentuz begira

Denboraldia bukatzeko Munduko Kopako bi proba falta zaizkio Egibarri eta «gogotsu» dago, gustuko duen zirkuituetan arituko baita. Hala ere, ez zuen ezkutatu datorrenari tentuz begiratzen diola: «Azken urtean izandako arazoekin jarraitzen badut, ez dut bideragarri ikusten Milanera iristea».

Rojori hiru proba falta zaizkio, betiere, azkena, Tiumenekoa (Errusia), jokatzen bada. Osloko 50 kilometroko proba «mitikorako» ilusio berezia du, «Beijingen ez bainuen distantzia hori egiterik izan. Lehen 30etan izatearekin konformatzen naiz, baina ondo legoke lehen hamabost edo hogeietan sartzea».