Izaskun Juarez
Iruñerriko Mugimendu Feministako kidea
KOLABORAZIOA

Martxoaren 8a Iruñerrian: borroka eta kriminalizazioa

Pasa berri den urtarrilean iazko Martxoaren 8an atxilotutako emakume bati 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diotela jakin dugu, autoritatearen aurkako atentatua egotzita.

Herritar askorentzat ulergaitza den zerbait, are gehiago egun horretan Parlamentuaren aurrean egin zen ekimen baketsua eta Poliziaren aldetik emandako erantzun bortitzaren irudiak ikusi ondoren. Jakinda, gainera, emakumeak Poliziaren interbentzio bortitzarengatik eta ondorioz izandako lesioengatik jarritako salaketa bertan behera utzi dutela. Polizien testigantzei sinesgarritasun leiala emanez eta erasoa pairatu zuen emakumearen, mugimendu feministaren eta herritar askoren hitzari balioa kenduz jokatu dute beste behin ere.

Iruñerriko Mugimendu Feminista osatzen dugun kideontzat ere ulergaitza da, eta behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan, edozein eraso, errepresio, kriminalizazioren aurrean gure hautua autodefentsa feminista izanen da; argi daukagu gure ahizpek babesten gaituztela eta ez Poliziak.

Gaurkoan pasa den urteko Martxoak 8 ekarri nahi dugu gogora. Ez nafar polizia eta «justiziaren» bidegabekeria salatzeko bakarrik, baita pasa den urtean kaleak hartzera eraman gintuzten arrazoiengatik ere.

Indarrez kalera atera ginen nazkatuta gaudela esateko. Sistema heteropatriarkal-kapitalista-arrazista honek interes ekonomikoak bizitzen gainetik jartzen dituela eta zaintza sistema publiko eta unibertsal baten beharra premiazkoa eta ezinbestekoa dela aldarrikatzeko. Sistema eta honen bizirautea bermatzen dutenen erabakia, modu estrukturalean eta hamaika modu ezberdinetan emakumeok* zapaltzea dela salatzeko.

Eta aldarrikapen horiekin feministok batu, antolatu eta guztiok elkarrekin sistema arrakalatzera atera ginen kalera.

Aurten pasa den urtean egindakoa berresten dugu. Ez da ezer aldatu. Maria Chivitek eta bere gobernuak ez dute gure aldarrikapenez ezer jakin nahi, guztiz kontrakoa, kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dituzte. Haiek eskaintzen dituzten ogi apurrak eta diskurtsoak ez dira nahikoak; guk benetako aldaketak nahi ditugu eta, hauek ematen ez diren bitartean, sistema arrakalatzeko ezinbestekoa den antolakuntza eta borroka feministan jarraituko dugu.

Martxoaren 8a gertu dugu berriro, saretzen eta antolatzen jarraitzen dugu. Berriz ere kaleetan izango gara feminismoa edukiz hustu eta zuritu nahi duten mezuak morez tindatzen.

Eta zu, batuko zara borrokara? Gora borroka feminista!