Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Beirazko kanpaia», Sylvia Plathen buruko mamuei begiratzen dien lana

Feminismoaren obra erreferenteen artean kokatu daiteke «Beirazko kanpaia» (Txalaparta), Sylvia Plathen eleberri autobiografikoa. Argitaratu eta egun gutxira hil zen, gazte, atzean poema, ikerketa eta gutun pila bat utziz. Garazi Arrula Ruizek euskaratu du New Yorkeko genero rolak eta arau sozialak agerian uzten dituen lana.

Sylvia Plathek Victoria Lucas ezizenarekin sinatu zuen “The Bell Jar” lana. Bere eleberri bakarra izan zen, eta gerora literatura feministaren obra adierazgarri bilakatu da. Txalapartak euskarara ekarri du orain, Garazi Arrula Ruiz itzultzaile eta editorearen lanari esker, “Beirazko kanpaia” izenarekin.

Plathek 8 urterekin idatzi zuen lehen poema eta, diotenez, ordutik ez zion idazteari sekula utzi. 17 urterekin lortu zuen bere ipuin bat lehen aldiz aldizkari batean argitaratzea, aurretik 50 ezezko jaso ostean; «tematia zen». Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea izanik, ikerketa literarioak ere egin zituen. Bizirik zela argitaratu zuen azken lana dugu “Beirazko kanpaia”, hortik gutxira bere buruaz beste egin baitzuen 30 urterekin, 1963an.

Buruko gaitz bat zuela diotela aipatu zuten atzoko aurkezpenean, horrek Plathek idatzitakoarekin harremana duelako. Izan ere, bere testuetan nolabaiteko tristura nabari daiteke.

Honakoa idatzi zion bere amari gutun batean, eleberria idazten ari zela: «Nire bizitzako gertaerak harilkatu ditut, fikzio bihurtuz, kolorea emateko; bizibidea ateratzeko idatzi dut, baina egiaz uste dut adierazten duela zein bakarrik senti daitekeen pertsona bat lurra jotzen duenean… Saiatu naiz nire mundua eta jendea irudikatzen beirazko kanpai baten lente desitxuratuarekin begiratuta bezala».

Arrulak azaldu bezala, “Beirazko kanpaia”-ren protagonista Esthe Greenwood gaztea da, New Yorken moda eta literatura aldizkari batean lan egiten duena. Liburuaren lehen erdian egonaldi horren nondik norakoak kontatzen dira, «emakume gazte talde baten joan-etorriak; giro apartsu bat dago, dena da dirdira». Kontakizunean genero rolak eta arau sozialak aztertzen dira, «ironia fina erabiliz eta itxuraz xaloa den kontaera» baten bidez.

Liburuaren bigarren erdia ilunagoa da. «Protagonistak oso aterabide zaileko gainbehera emozionalari aurre egin behar dio, ospitale psikiatriko batetik bestera eramaten duena», aipatu zuen itzultzaileak. «Gainbehera itxuraz pertsonal bat kontatuko zaigu, baina benetan garaiko gizartearen genero rolek zeharkatuta dago guztiz eta horren lekukotasuna jasotzen du».

Liburua bigarren olatu feministaren garaian kokatzen dute adituek (XIX. mende erdialdetik XX. mende erdialdera). Garai hartan sufragismoaren printzipioak ezarri ziren eta emakumeen egoera esklabotzarekin konparatzen zen. Emakumezkoak-familia eta gizonezkoak-estatua dikotomia irauli nahi izan zuten feministek. Emakumearen gorputza eta sexualitatea aldarrikatzen ziren. Pentsamendu horretatik edan zuen Sylvia Plathek gaztaroan.

Arrulak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, liburuan amatasuna, heriotza, eritasuna eta gorputza bezalako gai pertsonalak aipatzen dira, baina, betiere, gai kolektibo eta konplexuak jorratzeko: sexua, eromena, suizidioa, abortua... Egun, Plathen eleberria mugarritzat hartzen da feminismoan.

Hil osteko Pulitzer saria

“Beirazko kanpaia” 1963an argitaratu zen Londresen, esan bezala, ezizenarekin. 1967an Sylvia Plath izenarekin berrargiratu zen, eta, 1971n, AEBetan lehenengoz, idazlearen amak eta senarrak sustatuta. Bizirik zela Plathek bi liburu bakarrik argitaratu bazituen ere, gerora memoriak, gutuneria, dibulgazio artikuluak, poema bildumak eta egunerokoak argitaratu dira bere izenean. 1981ean, adibidez, “The collected poems” liburua atera zuten, hurrengo urtean Pulitzer saria irabazi zuena.

Plathi buruzko azken biografia Heather Clarkek idatzitako 1.000 orrialdeko liburu mardula da, “Red Comet” (2020). Bertan, egileak Plath XX. mendeko autore estatubatuar garrantzitsuenetako bat bezala aldarrikatzen du. «Plathen heriotzak itzalpean utzi zituen bere bizitza eta lana. Klixeetatik aldendu eta fokua bere lanean jartzea aldarrikatzen du», argitu zuen Arrulak.