Dabid LAZKANOITURBURU

Sutan dagoen Korsikara aste honetan Barne ministroa bidaliko du Macronek

Preso jihadista baten erasoak Yvan Colonna independentista korsikarra hilzorian utzi zuenetik etengabeak dira protestak uhartean, eta Emmanuel Macron presidente frantziarrak Gerald Darmanin Barne ministroa bidaliko du Korsikara. Suhiltzaile ala piromano gisa?

Gobernu frantsesak Barne ministroa Korsikara bidaltzea erabaki du Yvan Colonna independentista kartzelan hilzorian utzi zuen erasoaren ondoren etenik ez duten protesten aurrean. Hamahiru egun bete dira jada preso jihadista batek martxoaren 2an Estatu frantseseko hego-ekialdeko Arles hiriko kartzelan Colonnari eraso egin zionetik, eta preso independentista korsikarrak hilzorian jarraitzen du.

Ordutik etengabeak izan dira protestak Korsikan. Herenegun, adibidez, jendarme frantsesen eta manifestarien arteko liskar larriek dozenaka zauritu utzi zituzten. Egoera ikusita, Gobernu frantsesak Gerald Darmanin Barne ministroa Korsikara bidaltzea erabaki du. Ministroak berak jakitera eman duenez, Emmanuel Macron presidenteak hala eskatuta, Korsikara joango da bihar bertan, eta etzi, presidentetzarako hauteskundeen kanpainaren hasieraren bezperan, irlako «indar bizien» ordezkariekin «aurrekaririk gabeko eztabaida zikloa» hasiko du.

Darmaninen esanetan, Parisko Gobernuak «ulertu ditu irlaren etorkizun instituzionalari, ekonomikoari, sozialari eta kulturalari buruz Korsikako hautetsien eskaerak, batez ere Gilles Simeoni Kontseilu Exekutiboaren presidentearenak».

Simeoni Korsikako abertzale moderatuen ordezkaria da, FLNC mugimendu bere garaian armatu eta egun soilik politikoarekin alderatuta. Bi aldeek itun bat sinatu zuten desadostasunak albo batera utzi eta subiranotasunaren alde elkarrekin aritzeko. Hala ere, azkenaldian desadostasun horiek, eta abertzaleen arteko hegemoniaren inguruko lehiak, nagusitu egin dira. Colonnaren aurkako erasoak, ordea, indarrak biltzea ekarri du.

Bazterrak nahastera?

Egoera ikusita, Frantzia saiatuko da, dudarik gabe, abertzaleen arteko desadostasunak elikatzen.

Simeonik berak dei egin zion Jean Castex lehen ministro frantsesari egoera baretzeko neurriak har zitzan. Gobernu frantsesak Colonnak orain arte zuen «bereziki seinalatutako preso estatusa» bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuen aurreko astean, espetxe zigorra Korsikan bete ahal izateko aukera ere emanez. Kontua da, konpromisoak konpromiso, 1998an Claude Erignac prefet frantsesa hiltzea egotzita biziarteko kartzela jaso zuen Colonna hilzorian dela uneotan ospitalean. Castex berak Erignac tiroz hiltzeagatik zigortutako beste bi lagunak, Alain Ferrandi eta Pierre Alessandri Colonnaren ustezko komandokideak Korsikara eramatea erabaki zuen. Korsikar gehienentzat, hala ere, neurriok ez dira nahikoak, eta presoak askatzea, Colonnaren erasoa aztertzeko batzorde bat eratzea eta uhartearen eta Parisen artean «konponbide politiko osoa» lortzeko benetako elkarrizketa prozesu bati heltzea exijitzen dute.

Bien bitartean, herenegun milaka eta milaka manifestari atera ziren kalera Bastian. Gobernu frantsesak salatu duenez, ehunka gaztek prefetaren egoitzari eta beste eraikuntza publiko batzuei eraso egin zieten. 67 zauritutakoen artean 44 poliziak lirateke bertsio horren arabera. Unites SG Police sindikatuak ziurtatu duenez, «matxinada baten aurrean gaude».