Asier AIESTARAN
TXIRRINDULARITZA

Joao Almeida garaile Boi Taullen, Quintana lider

Joao Almeidak (UAE) irabazi zuen Voltako laugarren etapa; 166 kilometro La Seu d’Urgell eta Boi Taull artean. Portugaldarrak Nairo Quintana eta Sergio Andres Higuita kolonbiarrak menderatu zituen helmugan, baina lidergoa Quintanarentzat da, postu hobeak lortu dituelako aurreko etapetan.

Aurrez beste bi mendate igo behar izan dituzten arren, lasterketa Boi Taulleko azken igoeran erabaki zen. 13 kilometroko mendate luzea, batez ere hasieran eta amaieran gogortzen dena. Hasieran Arkea izan zen erritmoa gogortu zuena Elie Gesberten eskutik, baina Quintana azkar geratu zen taldekiderik gabe eta Ben O’Connor liderrak bikain eutsi zion erauntsiari.

Aurrera egin duena George Bennet izan zen, baina Jonathan Castroviejo getxoztarrak jarritako erritmoari esker arazorik gabe harrapatu zuten. Richard Carapazen erasoak apurtu zuen lasterketa, baina atzetik aurrera lan bikaina egin zuen Joao Almeidak, Carapaz eta O’Connor liderra atzean uzteraino. Berarekin eraman zituen Quintana eta Higuita, eta euren artean jokatu zuten garaipena.

Mikel Bizkarra eguneko ihesaldian sartu zen eta mendateetan lortutako puntuei esker mendiko lider ipini da, Ander Okamikari lehen postua kenduz.