eeAndoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Kawesqar hizkuntzari gorazarre egin diote skyline eder batekin

Antar Machado, Hernan Rodriguez eta Sebastian Pellettik La Paz mendiguneko (Patagonia, Txile) zeharkaldia sinatu berri dute.

Zaila da jakitea amaitu den Patagoniako ohiko denboraldian zein izan den eskalatzaile gogotsuena. Ziur dakiguna da Sebastian Pelletti ez dela batere geldirik egon. Are gehiago esango dugu: denera, bost jardunetan hartu du parte. Argentinako sustraiak dituen baina Australian jaio zen protagonista honek zazpi urte daramatza Txileko Patagonian. Hots, han “ostatu” hartu du.

Denboraldi honetan, besteak beste, bi bide berri eta igo gabe zeuden bi erpin eskalatu ditu. Bosgarren jarduera, aldiz, skyline bat izan da; hain zuzen ere, Txileko Patagonian dagoen La Paz izeneko mendigunearen zeharkaldia Antar Machado eta Hernan Rodriguezekin biribildu du.

Jardun eder horretatik itzuli bezain laster, bere sare sozialetan zera aipatu zuen: «Patagoniako fiordoak bikain ezagutzen dituen espezialista batek alderdi berezi batean utzi gintuen. Glaziarrek mendietatik itsasora hartzen dute bidea. Era horretan, erpinez josia dagoen La Paz izeneko mendigunean skyline bat hasi genuen. Egunsentiekin erabat gozatu, bibak bitxiak antolatu, gauez eta egunez makina bat luze zabaldu, denbora guztia laino eta izarren artean... Hiru egun zoragarri izan ziren. Ibilbide horrekin denbora luzez amets egin genuen. Sortutako bideari ‘Ayayema Wesqar’ (mendien arima) deitu diogu. Kawesqar hizkuntza erabili dugu, besteak beste, Patagoniako txoko horretan harmonia osoarekin bizi izan den azken gizabanakoari, Don Franciscori, omenaldia egin nahi izan diogu».

Laburbilduta, horixe da Pellettik mendebaldetik ekialdera eginiko skyline horri buruz egin duen lehen hausnarketa. Gogoratu behar dugu, otsailaren 21etik 23ra, hirukote horrek La Pazeko lau erpinak lotu zituela. Estilo alpinoan oinarritutako jarduera da, mila metroko desnibela gainditu zuten eta, gehienez, 5.11- zailtasunei aurre egin zieten.

Hiru egun horietan bizi izan zuten eskarmentuaren inguruan Pellettik berak luze eta zabal hitz egingo digu.

«Ayayema Wesqar»

«Otsailaren 20an, Puerto Natalesetik irten ginen. Ontzian hainbat ordu egin eta gero, Riesco izeneko mendilerroaren sarrerara iritsi ginen. Denbora galdu gabe, arratsaldean, oinarrizko kanpaleku aurreratu bat antolatu genuen; hain zuzen ere, mendebaldeko dorreak duen mendebaldeko ertzaren azpian.

»Zeharkaldia egiteko prest geunden, eta, biharamuneko goizeko 7.30ean, lehen dorre txikiko gailurrean ginen. Mendebaldeko dorretik jarraitu eta ‘zutoin zuriari’ lehen metroak kendu genizkion. Zutoin hori erritmo onean igo genuen, eta, aurretik zegoen ertza eta ondorengo tontorra arratsaldeko lehen orduetan sinatzeko gai izan ginen.

»Onartu behar dut puntu zehatz horretan hirurok ala hirurok Sarmientoko mendilerroarekin zur eta lur geratu ginela. Jakina, haren edertasunarekin! Geure begien aurrean ‘festa’ handi bat zegoen: glaziarrak, lakuak, kanalak...

»Mendebaldeko dorrearen eta dorre nagusiaren artean dagoen lepora jaitsi eta bibaka atontzen hasi ginen. Uda oso lehorra joan da, baina, halere, ur pixka bat aurkitu genuen. Gauarekin batera, Dama Blancan eta Cerro Tronon sortutako lainoak guregana hurbildu ziren. Gainera, Patagonian altxatzen diren haize erauntsiek bisita egin ziguten. Gaua ez zen batere lasaia izan; izan ere, haizete horiek denda erabat astindu zuten.

»Biharamuna ere ez zen batere atsegina izan: lainobera, haizete gogorrak, euria... Egoera hori ikusita, dendaren barruan jarraitzea erabaki genuen. Oraindik beste bi dorre eskalatzeke genituen, eta zalantzak alde batetik eta bestetik azaltzen hasi ziren. Lepo batean, urik gabe eta eguraldi iragarpen nahiko kaskarrak. Soilik egun bateko leiho on bat behar genuen zeharkaldia amaitzeko.

»Jarduera bertan behera uzteko zorian izan ginen, baina estrategia aldatu eta gauez eskalatzen hasi ginen. Laino itxiarengatik, ibilbidea ikusteko arazoak genituen, eta, gainera, pareta erabat bustita zegoen. Motibazioari eutsi eta lehen metroak eskalatzen hasi ginen. Sekzio hori gainditzea ez zen batere erosoa izan: haizetea, horma oso hezea, ikuspen oso txikia... Baina horrek guztiak, bederen, eskarmentu ikaragarria bizitzeko aukera eman zigun. Egun horretako hirugarren luzea ezinezkoa iruditu zitzaigun igotzea. Erretiradaren mamua azaldu zen, baina geure buruari gogor egin eta aurrera jarraitu genuen. Bat-batean, une magiko bat azaldu zen: laino artetik izarrak ikusten hasi ginen.

»Itxaropenaren deia jaso genuen, eta, egunsentiarekin batera, gailurreriara iritsi ginen. Egunsenti zoragarria izan zen, eta horrek energia indartzen lagundu zigun. Pozik gaude aurrera jarraitzeko erabaki irmoa hartu genuelako. Rappel batzuk egin eta azken dorrearen aurrean geunden. Ia arazorik gabe, dorre horren gailurra zapaldu genuen. Klima ederra zen, eta gozatu ederra hartu genuen hango ikuspegiekin.

»Aitzitik, ez ginen lasaitu. Zeharkaldia amaitzeko ekialdeko dorrean dauden makina bat rappel egin behar izan genituen. Azken rappelarekin skyline liluragarri hori amaitu genuen. Haranaren sarrerara erabat leher eginda iritsi ginen. Eguzkiarengatik ere erreta, baina, jakina, pozarren. Indarrak berreskuratzeko, etenaldi txiki bat egin, bizkar-zakuak antolatu eta Santa Marina fiordora eramango gintuen bidean sartu ginen.

»Zalantza izpirik ez dugu: La Paz mendigunean egin dugun zeharkaldia amets handi bat izan da. Abentura handi bat. Aintzirak, glaziarrak eta morrenak zeharkatu, murru tenteak gainditu, ezagutzen ez genuen norabidera rappelak egin... Hori guztia baino gehiago jaso du skyline eder horrek. Zorionekoak gara, besteak beste, alderdi magiko zein basati bat bisitatu dugulako. Eta apaltasun osoarekin, inguru horretatik etxera itzuli gara. Eta bizkar-zakua ametsekin beteta».