GARA
kabul

Emakume afganiarrek hegaldiak gizonik gabe hartzea debekatu dute talibanek

Talibanek emakumeen janzkera aldatu dute, lanpostu publikoetatik kendu dituzte eta bigarren hezkuntza egitea debekatu diete. Orain arte, gainera, ezin zuten hiri batetik bestera bakarrik joan, baina hegazkinak hartu zitzaketen. Orain, berriz, talibanek aireko lineei agindu diete emakumeei hegaldiak hartzea galarazteko, gizonezko senide batekin ez badaude behintzat, Ariana Afghan eta Kam Air konpainietako langileek jakinarazi dutenez. Erabakia talibanen ordezkariek, bi airelineek eta aireportuko agintari migratzaileek ostegunean egindako bileraren ondoren heldu da.

Boterera itzuli zirenetik, talibanek murrizketa ugari ezarri dizkiete emakumeei eta, askotan, Bertutearen Sustapenerako eta Bizitzaren Prebentziorako Ministerioko eskualde agintarien arabera aplikatzen dira. Ministerio horrek azaldu duenez, berak ez du inolako gidalerrorik eman emakumeei hegazkinetan bakarrik bidaiatzea debekatzeko.

Hala ere, Ariana Afghaneko goi-kargudun batek talibanek langileei igorritako gutunaren kopia zabaldu du: «Emakumeek ezin dute herrialde barruko edo nazioarteko hegaldirik hartu gizonezko seniderik gabe».

«Gizonezko seniderik gabe zihoazen emakume batzuek ezin izan zuten Islamabadera joan ostiralean», azaldu zuen Kam Aireko hegazkin bateko bidaiari batek. Aurretik, talibanek debekatu egin zieten emakumeei hirien artean bakarrik bidaiatzea, baina hegaldiak har zitzaketen.

Boterera heltzean, talibanek Gobernu islamista zurrunaren bertsio «toleranteagoa» agindu zuten 1996tik 2001era agintean egon ziren lehen aldian baino. Baina abuztutik hona azken bi hamarkadetan Afganistango emakumeek lortutako eskubide aurrerapenak ezerezean geratzen joan dira. Uneotan lanpostu publiko gehienetatik kanpo daude eta Koranaren interpretazio zorrotz baten arabera janztea eskatzen zaie. Pasa den astean nesken bigarren hezkuntzako eskolak itxi zituzten, abuztuan muturreko islamistak boterera iritsi zirenetik lehen aldiz berriro irekitzea baimendu ostean. Parkeetan emakume eta gizonezkoak elkarrekin egotea ere debekatu dute.