GARA
AUTOMOBILISMOA

Lehiatzeko gertu da «Euskal Selekzioa» talde berria

Joseba Iraola pilotua buru dela, Mendi Lasterketen Europako Txapelketan parte hartuko du talde berriak. «Txapelketa osoa egitea» da aurreneko helburua.

Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Lakuako Gobernuaren lankidetzarekin, «Euskal Selekzioa» talde berria aurkeztu zuten atzo. Joseba Iraola pilotua izango da gidari, eta Euskal Herriko koloreak ordezkatuko ditu nazioarteko zenbait probatan, Mendi Lasterketen Europako Txapelketan.

Aurkezpen ekitaldia Bilboko Itsasmuseumeko zelaigunean egin zen, Angel Gurrutxaga EKFBko lehendakaria eta Iraola pilotua bertan zirela.

«Proiektu polit hau aurkezteko eguna iritsi da. Oso pozik gaude. Gure helburua txapelketa osoa egitea da. Frantsesak eta italiarrak dira erreferentzia, baina nik dena emango dut. Top 3ren bat lortzea ideala litzateke; proba batzuetan podiumera iristeko borrokatuko gara; euria egiten duen edo ez ikusi behar horretarako. Aurreko munduko txapelketan erakutsi genuen goian egon gaitezkeela», esan zuen Iraolak aurkezpenean.

Joseba Iraola Balmasedako 39 urteko pilotua izango da Euskal Selekzioa automobilismo proiektuaren burua. Txirrindularia izan zen lehenengo eta automobilismoan Espainiako txapelduna da mendiko probetan. Orotara ehun lasterketa baino gehiago irabazi ditu bizkaitarrak hamabi urtean zehar. Esaterako, Jaizkibelgo igoera bost aldiz eskuratu du, eta bosgarrena izan zen 2021eko Portugalgo Munduko Mendi Txapelketan.

«Lau edo bost onenen artean»

2022ko lehen lasterketan, Aiako igoeran, irabazi egin du eta errekor berria ezarri, gainera. Hortaz, sentsazio oso onak ditu apirilaren 8an eta 9an Frantzian egingo den Europako aurreneko lasterketarako. Gero, Portugalen, El Fiton (Estatu espainola), Txekiar Errepublikan, Italian, Suitzan, Eslovenian eta Kroazian defendatuko ditu Euskal Selekzioaren koloreak.

«Lehenengo lau edo bosten artean geratu nahiko nuke, baina ikusiko dugu. Errepideak berak jartzen zaitu zure lekuan», adierazi zuen Iraolak.

Txirrindularitza laga eta gero, aurreneko urtean Espainiako Txapelketan izena eman zuen eta lehen lasterketan kategoria goreneko podiumera igo zen. Asier Lasa eta Endika Garairekin Espainiako Mendi Txapelketa irabazi zuen 2016. urtean. Tamalez, 2017an ezin izan zuen titulua defendatu, istripu larri bat izan zuelako. Autoak su hartu zuen eta gidariak erredura larriak izan zituen.

Ondoren, 2018ko Espainiako Mendi Txapelketako kategoria gorenera bueltatu zen, Norma M20 auto baten bolantean. Huraxe izan zuen unerik onena, Javier Villari buruz buruko lehia irabazi baitzion.

«Selekzioa sustatzea»

Bestalde, Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko lehendakariak hau adierazi zuen: «Gure helburu nagusietako bat euskal selekzioa sustatzea da».

«Zenbait modalitatetan pausoak ematen dihardugu, eta orain automobilismoan ere bai. Joseba Iraola izango da gure enbaxadorea nazioarteko proba batzuetan. Nor Joseba baino hobea, alor honetan gu ordezkatzeko», gaineratu zuen Gurrutxagak amaitzeko.