Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Bilbao Basketek Mumbruren «15» zenbakia erretiratuko du asteazkenean

Datorren asteazkenean Surne Bilbao Basketek Real Madrilen aurka ACB Ligako partida jokatuko du 19.00etatik aurrera Bilbao Arenan. Partida amaitu ostean, Alex Mumbruk jokalari zela erabiltzen zuen “15” zenbakidun kamiseta Miribillako sabaian eskegiko da, Javi Salgadoren “14” mitikoaren ondoan.

Badalonako Joventuten harrobian hazi zen Alex Mumbru eta Joventuten bertan eta Real Madrilen bere ibilbidearen zati handiena eman ostean, 2009an Bilbao Basketera iritsi zen. Hala, 2018an erretiroa hartu arte, “beltzezko gizonen” kide izan zen, azken urteetan kapitain ere izan zelarik.

Orotara 417 partida jokatu zituen Mumbruk Bilbao Basketen kamisetarekin, horietatik 316 ACB Ligan, 81 Eurocupen eta beste 20, berriz, 2011/12 denboraldian bizkaitarrek jokatu zuten Euroligan.

Onenean eta txarrenean

Esan liteke Badalonakoak Bilbao Basketek elitean ezagutu dituen unerik onenak eta txarrenak barrutik bizi izan dituela.

Onenen artean, 2011/12 sasoiko Euroliga jokatzeaz gain, 2010/11n ACB Ligako finalera iritsi izanaren balentria ere bizi izan zuen, baita 2012/13 denboraldiko Eurocupa ere, zeinetan bilbotarrek Lokomotiv Kubanen aurka Charleroiko final handia jokatu eta galdu zuten.

Unerik txarrenetan ere, hantxe zen Mumbru. Diru arazoek jota 2014an desagertzear izan zen talde bilbotarra eta jokalariek astebetez egin zuten greba hartako buru izan zen hegaleko katalana, jokalarien kapitaina baitzen.

2018an, berriz, maila galdu zuten bilbotarrek. Mumbruk jokalari gisa erretiroa hartu arren, entrenatzaile lanetan ekin zion eta urtebetera ACB Ligara itzuli zuen taldea.