Andoni ARABAOLAZA
EIGER

Catherine Destivelleren urratsei jarraitzeko erabaki irmoa

Joan den martxoaren 25ean, jardun luze batean, Laura Tiefenthaler austriarrak Eigerreko iparraldeko horman dagoen bide klasikoa, «Heckmair», bakarrik igo zuen. Alpinista frantziar historkioaren ostean, hori egin duen bigarren emakumezkoa da.

Eigerren iparraldeko horma txoko iluna da benetan. Beharbada, Alpeetako pareta klasikoenen eta ospetsuenen artean laiotzena izango da. Itxura hori duela ez du inork zalantzan jartzen. Hortaz, berau eskalatzea erabakitzen dutenek badakite zer izango duten aurrean.

Murru erraldoi horrek makina bat zirrikitu edo bide ditu, eta horien artean klasikoena edo samurrena “Heckmair” da. Alegia, Eigerren iparraldeko pareta horretan zabaldu zen lehena. Heinrich Harrer, Fritz Kasparek, Wiggerl Vorg eta Anderl Herckmair izan ziren ohore hori izan zutenak. Beste sokada batzuekin “lehia” oso estua izan zuten, gainera.

Gerora, “Heckmair” marrak pasarte oso zirraragarriak izan ditu. Historiari begiratuta, Catherine Destivelle da pasarte horietako protagonistetako bat. 1992. urtean alpinista frantziarrak bakarka eskalatu zuen bide klasiko hori. Neguan izan zen, martxoaren 9an. 17 orduko jardunak Olinpora eraman zuen. Hurrengo urteetan emaitza bera erdietsi zuen beste bi hormatzar ilunetan: Grandes Jorasses-en (1993) eta Mattterhorn-en (1994). Alde guztietatik aztertuta, Eigerrekoa igoera historikoa izan zen. Destivellek berak hau aitortu zuen: «Eigerreko gailurra zapaldu nuenean oso sentsazio berezia izan nuen. Neure buruari esan nion alpinista bihurtu nintzela. Oso harro nago pareta horretan egin nuen lanarekin».

Alpinista frantziarrak hazia erein zuen horrela, eta onartu behar dugu kosta egin dela izaera bereko jarduera bat ikustea. Hogeita hamar urte geroago, Laura Tiefenthaler hartu dio lekukoa. Joan den martxoaren 25ean, eskalada egun luze batean (15 ordu), “Heckmair” bidea eskalatu zuen. Bakarka, baina, Destivellek ez bezala, udaberriaren hastapenetan egin du.

“Hechmair” eta Eigerren iparraldeko horma bakarka eskalatu duen bigarren emakumezkoa da. Izan dira beste bi neska bide horretatik gertu eta bakarka eskalatu dutenak: Alison Hargreaves eta Eyelyne Binsack. Biek ala biek udan eskalatu zuten; lehenbizikoak 1993. urtean, eta bigarrenak, urtebete geroago. Horiek, ordea, ipar-ekialdeko “Lauper” marra aukeratu zuten.

Lerrootako protagonistari onartu behar zaio bide klasiko hori jomugan zuela; izan ere, martxoaren 8an, Jana Mohrer alemanarekin batera, “Heckmair” eskalatu zuen: «Bi aste lehenago sokakide baten bila ibili nintzen. Iaz Raphaela Haug-ek eta biok ekinaldi bat egin genuen. Janari deitu nion, baina erantzun zidan azterketa garrantzitsu bat zuela. Aitzitik, handik ordubetera asmoa aldatu zuen eta honakoa esan zidan: ‘Maite duzuna egin behar da. Oso motibatuta nago Eigerrera joateko’. Iritzi aldaketa horrekin oso pozik geratu nintzen. Azkenengo urteotan asko eskalatu dugu elkarrekin, eta banekien talde ona osatzen genuela. Igoeraren hasiera oso ondo joan zen; erritmo bikaina generaman. ‘Jainkoen zeharkaldian’ geundela, ordua begiratu eta ohartu nintzen eguerdia zela. Jarduera hori biribildu ahal izateko, berez, bibak bat aurreikusia genuen; hain zuzen ere, sekzio horretan, baina Janari proposatu nion aurrera jarraitu eta egun horretan tontorra zapaldu behar genuela. Lan ederra egin eta gero, arratsaldeko seietan lehen helburu hori erdietsi genuen. Atseden pixka bat hartu, jaitsierari ekin eta gaueko 9.30ean Eigerglestcher-era heldu ginen. Solasean ginela, ohartu ginen Emakumeen Nazioarteko Eguna zela. Era horretan, egun hori ondo baino hobeto ospatu genuen. Non eta aurreiritzirik ez dagoen alderdi batean. Besteak beste, Eigerrek ez dio generoari begiratzen».

Oso sasoiko

Martxoaren 8tik 25era bitartean soilik hamazazpi egun daude. Bada, Tiefenthaler-ek azken data hori aukeratu zuen bakarkako jarduera hori egiteko. Izan dituen baldintza egokiei esker, azken bolada honetan bide klasiko hori maiz errepikatu da. “Ilarak” egon omen dira.

Innsbruck-en sortu zen alpinista hori oso txikitan “erori” zen alpinismoaren sarean. Lehen urratsak hamar urterekin egin zituen, eta nerabezaroaren amaierarako maila polita zuen. Horri esker, 2017. urtean alpinista gazteei bideratuta dagoen eta ospe handia duen German Alpine Club-eko kide egin zen. Ordutik makina bat jarduera egin ditu, eta azpimarratzekoa da duela pare bat urte Raphaela Hug eta Fabian Buhl-ekin Cerro Torre igo zuela.

Martxoaren 25eko eskaladari dagokionez, amets bat egia bihurtzera abiatu zen. Lehenengo urratsa, ordea, gaizki atera zitzaion. Bezperan, oso urduri zegoela, hormaren sarrerara abiatu zen. Nahiz eta martxoaren 8an “Heckmair” eskalatu zuen, akats handi bat egin zuen. Nahasi egin zen bidearen hasierako metroetan eta, horren ondorioz, bi ordu galdu zituen. Tiefenthaler-ek erretiratzea erabaki zuen.

D eguna ezberdina izan zen oso. Hamabost orduko jardunaren ostean, alpinista austriarrak arratsaldeko lauretan Eigerreko tontorra zapaltzea lortu zuen. Destivelleren jarraitzailea denez, “Heckmair” eskalatzea aztertu zuen, baina hori egiten ari zela zalantzak azaldu ziren: «Proiektu handi batekin amets egin nuen, eta ‘Heckmair’ aukera bikaina zen. Rolando Garibottirekin elkartu nintzenean, esan zidan bide hori bakarka egiteko gogoa zuela. Harentzat ageriko aukera zen. Helburu hori ondo aztertuta nuen, eta lehenengo urratsa egitea soilik falta zitzaidan. Nire gaitasunaren inguruko zalantzak ‘lehertu’ ziren, eta, gainera, bide hori eskalatzen alpinista ugari zegoen. Horregatik guztiagatik, lehen ekinaldia gaizki irten zitzaidan; uste dut nire burua ez zegoela prest».

Atzera egin eta gero, tren geltokian geratu zen. Ez zuen etxera itzuli nahi, eta han bertan biharamuneko bigarren saioa prestatzen hasi zen: «Neure burua bide egokienean jarri behar nuen. Gailurretik era seguruan jaistea zen lehen araua. Bigarrena, berriz, eskalada horrekin gozatu behar nuela. Ez zen azterketa bat izan behar. Jakin-mina nuen, eta emaitzaren inguruan galdera ugari zeuden».

Tiefenthalerrek onartu du “Heckmair” eskalatu zuen egunean ondo sentitu zela. Goizeko ordu batean irten zen, eta, itxura denez, zalantza guztiak desagertu zitzaizkion: «Jakin-min hori zen nire motibazio garrantzitsuena. Bide hori esploratzeko neure burua sendo ikusi nuen, eta atzera egiteko azkenengo sekzioraino arriskatu nintzen. Luze zailenak eta tarte motz batzuk sokarekin igo nituen. ‘Jainkoen zeharkaldira’ goizeko hamarretan ailegatu nintzen, eta ikusi nuen oraindik denbora nuela aurrera jarraitzeko. Segurtasuna bermatu ahal izateko, erritmoa mantsotu nuen, eta arratsaldeko lauretan nire helburua erdietsi nuen. Eskalada honetan beste hiru soka-talderekin egin nuen topo. Dena dela, esan dezaket haiengandik distantzia egokira eskalatu nuela. Hori beheko sekzioan izan zen. Ondoren, bakarrik egon nintzen. Amaieran, aldiz, sokarekin igo nintzenez, bi taldek aurreratu ninduten».