Surflari ernegatua

Betiko lepotik burua

Amaitu dira ernegatu honen oporrak. Abisatu gabe joan nintzen, oporrak aitzin argitaratu behar nuen azken artikuluaren datarekin tronpatu nintzelako. Orokorrean nahikoa astakirtena naiz harremanetan eta formetan, baina merezi dutenekin zuzen jokatzen saiatzen naiz; beraz, etenaldia ongi ez iragarri izanaren arantza azalean izan dut azken hiru hilabeteetan.

Hori esanda, itzul gaitezen ohiko gaietara. Zerbait interesgarria gertatu da surf munduan azken hilabeteetan? Funtsean ez. Itsaski handiak izan dira eta, ondorioz, sekulako ikuskizuna ere eman dute olatu handietako ehiztariek, Nazaren zein munduko beste hainbat lekutan. Lehen mailako lehiaketak ere izan dira, Pipelinen, Sunseten eta Penichen. Zalantzarik gabe, belaunaldi berriak ezagutzera emango diren urtea izango da aurtengoa eta, alde horretatik, interesgarria izango da lehiakide berrien ekarpena.

Ohiko itsaskiak, ohiko txapelketak eta ohiko ekitaldiak, ohiko formatuan eta ohiko protagonistekin. Aldatzen den gauza bakarra lekuko itsaskia da. Olatuak ez dira errepikatzen; sortu, lehertu eta ur-ertzean urtzen dira, eta bakarrak dira, ez dute parekorik. Horregatik da surfa interesgarria, gizakiaz harago, etengabe aldatzen den elementu bat badagoelako, olatua.

Aldiz, surflarien eta surf elkarteen izaera eta jardunari dagokionez, ez da berrikuntzarik. Beren burua ekologistatzat dutenek biztanle arruntek baino gehiago kutsatzen jarraitzen dute, munduko hiritar omen direnek muturreko nazionalisten bandoan jarraitzen dute eta bakezaleek gerraren aldeko urrats garrantzitsuak egin dituzte.

Ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen erakunde esanguratsuena euskal selekzioari ateak ixten dizkion International Surfing Asotiation da. Hau da, surfa kirol gisa ordezkatzen duen munduko erakunde ofiziala.

Gabonetan “Peace, Love and Surf” goiburua zuen Eguberrietako postal bat igorri zien ISAk munduko milioika surflariri. Horrela, urte berri on zoriontsua opa zigun inork hautatu gabe aspalditik ISAko lehendakaria den Fernando Aguerre argentinarrak. Erakunde ofizialak munduko surflari guztiei igorri zien hurrengo mezua otsailaren 26an argitaratu zen: «ISAk Gobernu errusiarraren ekintza militarra kondenatzen du eta Ukrainako herriari elkartasuna helarazi nahi dio. Gaur egun ez da ISAko txapelketarik Errusian eta ez da aurreikusten txapelketarik egitea inbasio ikaragarri honek jarraitzen duen bitartean».

Hiru egun geroago surflari errusiarrei zigorrak ezartzeko erabakia kaleratu zuen ISAk beste mezu baten bitartez. «Ez ditugu gonbidatuko atleta errusiarrak ISAko txapelketetara, abisu berri bat arte».

Eta azken mezua, martxoaren 17an kaleratu du mundu osoko surflariak ordezkatzen dituen erakundeak. «Saudi Arabia ISAko partaideek osatzen duten nazioen zerrendara atxikitzea erabaki dugu; horrela, ISAko 110. estatu kidea izango da aurrerantzean».

Esandakoa, ezer berririk ez surf munduan. Esaera zaharrak dioen moduan, lehengo lepotik burua.