Jesus Gonzalez
Laikotasuna kolektiboa
GAURKOA

Zerga aitorpena eta Elizaren dirua

Berriro iritsi da apirila eta zerga aitorpena egiteko garaia. Laster, edo artikulu hau argitaratzen den unean, jada abiatua izango da kanpaina, eta hasiko zaigu Eliza eskatzen bere laukitxoan Xa jartzeko ezinbesteko lan soziala egiten duela adieraziz. «X por tantos» lelopean.

Urtero izaten dira ere zerga aitorpena lehen aldiz egin behar dutenak, eta bereziki horiei argitu nahi genizkieke zenbait puntu, agian oso argi ez dituztenak.

Askok uste dute fededunak bakarrik direla bere dirutik Elizari ematen diotenak. Hori soilik igandeko mezan uzten dutenari dagokio; zergekin gertatzen dena da batzuek erabakitzen dutela denon artean bete dugun kutxako diruarekin zer gertatuko den. Beste herrialde batzuetan, Alemanian adibidez, fededunek zerbait gehixeago ordaintzen dute eta geldikin hori Estatuak elizei (edo sektei, ordaintzailearen arabera) ematen die; baina Espainian ez. Espainian fededunek ez dute besteek baino xentimo bat gehiago ordaintzen, baina bai Xa jartzen. Kutxa betetzen denean, denon artean betetzen dugunean, Estatuak Xak zenbatu eta %0,7a Elizari ematen dio, inolako kasurik egin gabe sosak osasunean, hezkuntzan edo errepideak mantentzen erabili nahi dugunoi. Gauza bera gertatzen da euskal kupoarekin. Baten batek esango du beste laukitxo bat ere badagoela eta, beraz, bakoitzak bere dirua nahi duen helburuetara bideratu dezakeela. Horrek aurreko erabakia zuritzen du, baino ez konpondu. Bai, bakoitzak bere dirua nahi duen horretan gasta dezake; ez gara horretaz ari, baizik eta denon diruaz ere zer egingo den erabakitzen dutela eta balitekeela guztiak ados ez egotea. Arazo hori konpontzeko gure proposamena laukitxoak kentzea da.

Pentsa, 2020ko ekitaldi fiskalean, gipuzkoarrek Eliza katolikoari egindako ekarpena 3,46 milioi eurokoa izan zen (295 milioi, Estatu espainiar osoan). Kontsolamendu bat geratzen zaigu: Gipuzkoan dago Eliza katolikoaren laukitxoa X batez markatzen duen pertsona gutxien (%15,36).

Horri lotuta, beste okerreko ideia bat, Elizak berak sustatua; diru horrekin Caritas, Manos Unidas eta Elizaren halako GKEak mantentzen direla. Ez dakit konturatu zareten Elizari dirua urrituko zaiola edo ondasun higiezinen gaineko zerga kobratuko zaiola esaten denean, beti-beti erantzuna honakoa dela: «Eta orain nola mantenduko ditugu jangelak? Kaleko ume gaixoak». Ez dute erabateko egia esaten. Elizak ez ditu bere kontuak sekula argitaratzen, baina Caritasek bai eta horri esker badakigu Caritasen kontuetatik Elizak %2,3 baino gutxiago ematen duela. Aipatutako erakundearen aurrekontua 386.719.134 eurokoa da eta hierarkiak ematen diena, 6.724.809 euro. Benetan horrelako erakundeei dirua eman nahi badiezue, edo zuzenean eman, zerga aitorpena arintzen duena, edo gizarte-helburuen laukitxoan jarri Xa. Elizak sosik ere ematen ez badie, GKE horiek ez dute desberdintasun handirik nabarituko.

Badira ere Elizaren laukitxoa markatzen dutenak artea atsegin dutelako. Burgos, Toledo, Sevilla edo Donostiako katedralak era onean mantentzea nahi dutenak. Oker daude horiek ere. Eraikuntza horiek edo Elizak dituen eskultura, margo eta liburuak konpondu behar direnean, denon artean ordaintzen dugu Kultura Ministerioaren bidez; konpontzen badute, zeren ziur denok gogoratzen ditugula ermita txikiak, apain baino apainagoak egoten zirenak auzoarenak ziren bitartean eta immatrikulatu ondoren goitik behera erortzen ari direnak. Edozein herri txikitako museo xumeena, sarrerak salduz dirua egiten duela-eta, behartuta dago zerga aitorpena egitera, baina Eliza ez, zeren Kordobako meskita edo Donostiako Andre Maria eliza ikusteko edo Toledoko katedraleko gau bisitetarako ez dira sarrerak saltzen, baizik eta limosna eskatzen. Txartelean zera jartzen du, «donativo mínimo» eta prezioa. Gure «borondatez» gutxieneko hori eman ezean, sartu gabe geratuko gara. Hortik aurrera nahi adina eman daiteke, baina ez denez ordainketa bat, Elizak ez du irabazirik, eta, hortaz, ez du zerga aitorpenik egin behar.

Pentsa genezake dirua apaizen soldatak ordaintzeko erabiltzen dela baina, esan bezala, Elizak ez ditu kontuak argitaratzen eta apaizek zerga aitorpenik egiten ez dutenez, zaila da jakitea. Ziurtatu dezakeguna zera da: eritegietan egoten direnei Osasun Ministerioak ordaintzen diela eta Armadako kapilauei, Defentsa Ministerioak.

Hau bakarrik Eliza katolikoarekin gertatzen da. Beste fede batekoak edo ateoak izateak ez gaitu salbatzen hierarkia katolikoa mantentzeaz. Konkordatua izenpetu zenean Elizak hitza eman zuen hau denboraldi baterako izango zela eta autofinantzaketara iritsiko zela, bataiatuak eta limosna emateko prest dauden fededunak gauza bera zirela pentsatuz. Ez, ez dira gauza bera. Umetan bataiatzen gaituzte, galdetu gabe, eta handitutakoan askotan ez gaude gurasoen erabakiekin ados. Azkeneko urteetan arazoa larritu egin da bataiatuak ere gero eta gutxiago direla eta. Egia da krisia hasi zenetik markatutako laukitxoen kopuruak gora egin duela eta horregatik idazten dugu artikulu hau. Berriro, Caritasi dirua eman diozuenek, «Ez» markatu Elizaren laukitxoa.

Aspalditik agindu digute sozialistek Konkordatua deuseztatuko dutela eta Elizaren dirua amaituko dela. Orain arte aldaketa bakarra Zapateroren garaikoa izan da. Elizari ematen zitzaion ehunekoa %0,52tik %0,7ra igo zuen!

Estatua mantentzen dugu, gero, arazoak ditugunean, Estatuak mantendu gaitzan eta ez gaitzan borondate oneko pertsonen eskuetan utzi, trapu zaharrak bagina bezala. Horretarako dagoen dirua auskalo zertan gastatzen duten gotzainei eman gabe. Laukitxorik gabeko zerga aitorpena eskatzen dugu, denon artean bete duguna denon onerako erabil dadin. Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan kontzertu ekonomikoa dugu; gure Batzar Nagusiek nahi badute hori egin dezakete.