GARA
ZIKLISMOA

Azken metroan gailendu zaio Dylan Teuns Erromandiako lider Dennisi

Egun oso bereziak bizitzen ari da Dylan Teuns (Bahrain). Duela egun gutxi Flecha Wallone lasterketan garaipena erdietsi zuen, eta atzo Erromandiako Itzuliko lehen etapako irabazlea izan zen. Lasterketako liderra, berriz, Rohan Dennis (Jumbo Visma) da, atzo bigarren amaitu ostean eta asteartean aitzinetapa irabazi zuen Ethan Hayterri (Ineos) maillota kenduta. Azken honek eroriko masiboa izan zuen 13 kilometroren faltan –tartean Ion Izagirre zela–.

Bazirudien Rohan Dennisek eramango zuela garaipena, metro batzuetako abantailarekin hasi baitzuen azken igoera. Baina Bahrain taldeko flandriarrak indar guztiarekin eraso egin eta garaitu egin zuen. Hirugarren Marc Hirschi (UAE) izan zen, bi segundora.

Alex Baudi, Bretainian

Alex Baudin frantziarrak (Swiss Racing Academy) bakarka irabazi zuen Bretainiako Tourreko hirugarren etapa azken bi kilometroak bakarrik egin ostean, eta lider berria da.

Prades, bigarren Grezian

Hamar urteko hutsunearen ostean, Tour of Hellas Greziako lasterketa hasi zen atzo, Kreta uhartean. Chanian amaitutako jardunaldiak igoera bat izan zuen azken 20 kilometroetan eta bertan erabaki zen lehen garailea eta liderra. Sari horiek Aaron Gate (Black Spoke) Zeelanda Berrikoak lortu zituen, helmugan eguneko ihesaldiko partaide bakarra izanda.

Atzeko taldean, esprintean azkarrena Edu Prades Caja Ruraleko txirrindularia izan zen. Hasiera batean irabazlea bera zela uste zuen katalanak eta helmugaratu bezain laster erorikoa izan zuen. Talde berean Jon Barrenetxea ere iritsi zen.