GARA
ERRUGBIA

Getxok markagailua irauli beharko du Avilesen

Getxoztarrek galdu egin dute Faduran igoera faseko finalerdietako joanekoa Belenosen aurka (20-23).

Ez du bide onetik hasi Getxo Errugbi Taldeak Ohorezko Mailara igotzeko play-offa. Atzo jokatu zuen finalerdietako joaneko partida Fadurako zelaian, etxean, eta Belenos talde asturiarra nagusitu zen azken minutuetan entsegu bat erdietsi eta honen osteko entsegu-gauzatzea asmatuta.

Partida osoan aurretik joan ziren getxoztarrak. Lehen entsegua etxekoena izan zen eta 7-0ko markagailua ezarri zuten. Asturiarrek markagailuko aldea murriztu zuten Bruno Heiten zigor-kolpearen bitartez (7-3) eta Getxok berriro ere aldea ireki zuen arren, apur bat gehiago hurbildu zen kanpoko taldea beste zigor-kolpe bati esker.

Etxekoen minutu gogorrenak iritsi ziren orduan, beste zigor- kolpe bat eta entseguarekin markagailua irauli baitzuen Belenosek (10-11). Nolanahi ere, atsedenaldiaren aurretik berrindartu egin ziren etxekoak zigor-kolpe baten bitartez eta markagailuan aginduz joan ziren aldageletara (13-11).

Bikain abiatu zuten bigarren zatia getxoztarrek. Entsegu eta entsegu-gauzatzearekin, garaipenerako pauso sendoa eman zuten, baina hortik aurrera ataskatu egin ziren. Ez zuten puntu gehiagorik batu eta asturiarrak, apurka-apurka, markagailura hurbildu ez ezik, partida iraultzera ailegatu ziren. Bi entsegu jarraian eta bukaeran, entsegu-gauzatzearekin garaipena eskuratu zuten (20-23).

Hurrengo asteburuan Avilesen jokatuko dute itzulerakoa.

Igoera fase honen finalera iristea inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke, ikusteko baitago zer gertatuko den Alcobendasekin, Gavin Van den Berg hegoafrikarraren pasaportearen faltsifikazioaren auzia dela-eta. Oraingoz, ez dute eman aditzera erabakirik, baina Kopako finala bertan behera geratu da.

Bi aukera daude: Alcobendas zuzenean jaistea, eta horrek igoera faseko finala jokatuko duten bi taldeak igotzea ekar lezake; edota Alcobendasen aurka jokaturiko partiden emaitzak ezerezean geratzea; honek Gernika Errugbi Taldeari egingo lioke onura, zuzenean jaitsi ordez play-outa joka lezakeelako.