GARA
BELFAST

Sinn Feinek gobernu eraketa ez oztopatzeko exijitu die Londresi eta unionistei

Sinn Feinek Ipar Irlandako gobernuaren eraketa ez oztopatzeko eta exekutiboa atzerapenik gabe martxan jartzeko eskatu die unionistei zein Gobernu britaniarrari. Hala ere, DUPek blokeoari eutsi dio.

«Nire mezua argia da. Demokratak diren neurrian, bai DUPek bai eta Gobernu britaniarrak ere hauteskundeetako emaitza demokratikoa onartu eta errespetatu behar dute», nabarmendu zuen atzo Michelle O’Neill Sinn Feineko buruak.

«Nik exekutibo eraginkorra gaurtik aurrera eratu behar dela sinisten dut. Ez da atzerapenik egon behar. Ez dago eraketa atzeratzeko arrazoirik», adierazi zuen Ipar Irlandako lehen ministro kargua hartzea dagokion O’Neillek. Hala ere, osteguneko hauteskundeetan bigarren indarra izandako DUPek, jakinarazi dio dagoeneko Gobernu britaniarrari ez duela exekutiboa Sinn Feinekin partekatuko Erresuma Batuak ez badu Brexitaren protokoloa bertan behera uzteko «ekintza erabakigarririk» hartzen. «Jarrera hori izan dugu hauteskundeen aurretik, kanpainan eta orain, eta Erresuma Batuko Gobernuak protokoloari buruzko ekintza erabakigarriak egiten dituela ikusi arte, ez dugu ministrorde nagusi bat izendatuko», adierazi zuen DUPeko buruzagi Jeffrey Donaldsonek, Brandon Lewis Ipar Irlandarako ministroarekin bildu ondoren.

Bere aldetik, Londresek alderdiei gobernua «ahal bezain laster» eratzeko eskatu zien. Asmo horrekin joan zen atzo Lewis Belfastera eta alderdietako buruekin elkartu baino lehen «arduraz jokatzeko» eskatu zien.

Lewisek adierazi zuen Gobernu britainiarrak Europar Batasunarekin Brexitaren protokoloaren inguruko akordio berri bat bilatuko duela. «Baina ez dugu zalantzarik izango bestelako neurriak ere hartzeko beharrezkoa bada», gaineratu zuen, indarrean den protokoloa ez betetzeko aukera aditzera emanez eta unionistei keinu bat eginez. Protokoloak Britainia Handitik doazen merkantzien gaineko kontrolak ezartzen ditu, muga, berez, kostaldean kokatuz. Unionistek Erresuma Batuaren apurketa gisa ikusten dute.

Presioak presio, zalantzaezina da DUP posizio ahulean dagoela uneotan, Sinn Feinek emaitza historikoak lortu baitzituen osteguneko hauteskundeetan. Errepublikanoek Stormonteko Ganberako 90 eserlekuetatik 27 eskuratu dituzte, 2017ko bozetan lortutako legebiltzarkide kopurua mantenduz. Ganberan orain arte nagusi izandako DUP, aldiz, 25 eserlekutan geratu da, lau eserleku galduta. Blokeo egoeraren ondorioz Londresek Brexitaren protokola bertan behera uztea erabakitzen badu, Ipar Irlandan krisi politikoa areagotzeaz gain, Bruselarekin gerra komertziala ere pitz dezake.