EDITORIALA

Elikadura-burujabetza ez da lelo hutsala

Aste honetan, elikagaien garestitze nabarmenak titularrak eta adierazpen politikoak bete ditu. Badirudi, azkenean, munduko buruzagiak egoeraren larritasunaz jabetzen ari direla. Hala ere, ez dituzte beren ahaleginak elikagaien krisiaren kausak geldiaraztera bideratzen –une honetan garrantzitsuena Ukrainako gerra da–, bide motza duen zerbaitera baizik: Ukrainan bertan gordetako alea ateratzen saiatzera. Ohikoa den bezala, Mendebaldeko buruzagiek kausei heldu beharrean, efektuak etetean jarri dute indarra. Ez da asko esatea ahalegin horiek hutsalak direla.

Zerealak dira munduko herrialde pobreenetako oinarrizko elikagaia. Prezioen gorakadak desnutrizioa eta gosea dakartza berehala, kasu batzuetan jendeak ezin dituelako elikagaiak ordaindu, eta beste batzuetan, elikagai horiek ez direlako iritsiko, erosteko ahalmen handia dutenek eramango dituztelako. Batzuek moneta indartsua daukate eta edozein preziotan eros dezakete; beste herrialde batzuek, aldiz, ez dute halako erosahalmenik eta hornidurarik gabe geratuko dira. Testuinguru horretan, herrialde boteretsuek inportazioari mugak kentzearen alde egin ohi dute, erosketa errazteko, aste honetan Europar Batasunak Ukrainatik datozen inportazioekin egin duen bezala, eta gainerakoek debekuak erabiltzen dituzte hornidurarik eza saihesteko. Indonesia eta India dira politika horren azken adibidea. Joko maltzur horretan, atzerriko produktuen mendekotasun handia duten herrialdeak galtzaile ateratzen dira. Eta, horrenbestez, agerikoa da elikadura-subiranotasuna funtsezko gaia dela. Hil ala bizikoa da elikagai nahikoak eta kalitatezkoak ekoiztea eta herritarrei janari hornidura ziurtatzea.

Gauzak horrela, herrialdeek beren elikagai-hornidura ziurtatzeko lasterketari ekin diote. Horretarako, dirua, debekuak eta salbuespenak, behar duten guztia, erabiliko dituzte. Jarrera norberekoi horrek, baina, gosea areagotzeaz gain, mundu osoan gatazka berriak izango direla iragartzen du.