Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Euskal surflariak indartsu, baina guztiak kaleratuak CS itzuliko bigarren txapelketan

Datozen orduetan amaituko da Challenger Series itzuliko bigarren txapelketa, GWM Sydney Surf Pro. Euskal surflariak kaleratuak izan ziren lehen txandetan.

Challenger Series itzuliko bigarren txapelketa datozen orduetan amaituko da eta orduan jakin ahal izango dugu nortzuk diren GWM Sydney Surf Pro txapelketako irabazleak. Artean, CS itzulian lehiatzeko plaza irabazi zuten euskal surflariak ere Australian izan dira, baina guztiak kanporatuak izan dira. Hala ere, sekulako indarra erakutsi zuten eta CS itzulia amaitzeko falta diren hurrengo sei lehiaketetan kontuan hartzeko lehiakideak direla agerian utzi zuten.

Nadia Erostarbe, Ariane Ochoa, Leticia Canales, Pauline Ado eta Adur Amatriain dira CS itzuliko bigarren txapelketan lehiatu diren euskal surflariak. Olatu oso txikiak izan dira txapelketan zehar eta surflarien maila, ostera, oso altua izan da. Emaitza hoberenak Erostarbek eta Ochoak eskuratu zituzten, lehen txanda gainditzea lortu zuten bakarrak izan baitziren.

Orain arteko emaitza hoberena Adur Amatriainek lortu zuen Gold Coasten egin zen CS itzuliko lehen txapelketan, hirugarren txandara iritsi baitzen. Gainontzeko lehiakideek ez dute bigarren txanda gainditzea lortu. Horrek erakusten du nolako maila dagoen, zeren gogoratu behar da CS itzulian dauden lehiakideak Europako rankingean hoberenak izan zirela.

Guztira mundu osoko 96 mutil eta 64 neska ari dira lehiatzen CS itzulian eta haien artean orain arte lehen mailan lehiatzen egon diren surflariak ere badaude, alegia, CT itzuliko lehen zatian kanporatuak izan zirenak. Horiez gain, lehen mailatik kanporatuak izan ez direnak ere badira, gutxienez CS mailako txapelketa batean parte hartzera derrigortuak baitira CT itzuliko surflariak.

Gaur bertan amaituko da Sydneyko txapelketa, izan ere, itxaronaldi epea gehienez maiatzaren 24a arte luza daiteke, eta kontuan hartu behar da 8 orduko desberdintasuna dagoela. Alegia, Euskal Herrian goizeko zortziak badira Sydneyn jada arratsaldeko laurak dira. CS itzuliko hurrengo txapelketa, ostera, Hegoafrikan izango da, Ballito urautsi famatuan, uztailaren 3tik 10era bitartean.

CT itzuliko bigarren zatia

Bestalde, nesken zein mutilen lehen mailako itzuliko bigarren zatia hastear da. Lehen txapelketa (itzuliko seigarrena), maiatzaren 28a eta ekainaren 6a bitartean izango da, Indonesiako G-Land ezker olatu mitikoan.

Itzelezko ikusmina sortu du txapelketa honek, mutilen kasuan urte asko baitira bertan lehen mailako txapelketarik ez dela egin, eta nesken kasuan, berriz, lehen aldia izango baita G-Landen lehiatuko direna.