Ane URKIRI ANSOLA
ALAVES

Luis Garcia Plaza, Bigarren Mailako aro berria hasiko duen entrenatzailea

Egun berean iragarri zuen Alavesek Julio Velazquezek ez zuela jarraituko entrenatzaile eta zein izango zen Bigarren Mailako aro berria hasiko zuen teknikaria. Asko ziren zurrumurruak eta arratsaldean baieztatu zuen babazorroen klubak Luis Garcia Plaza dela aukeratutakoa. Zilarrezko Mailara jaitsi berritan, gorengora igotzea izango du helburu Alavesek eta, babazorroen iritziz, teknikari madrildarra da hautagai onena. Azken sei urteetan Alaves zuzenduko duen 12. teknikaria izango da.

Garcia Plazak iaz Mallorcarekin igoera eskuratu zuen, baina aurten ez du lortu ikasturtea bukatzea. Sasoia amaitu baino lehenago kaleratu zuten emaitza txarrak eta Bigarren Mailara jaisteko mamua tarteko. Levanterekin ere Lehen Mailara igotzea lortutakoa da (2009-2010 denboraldian). Horiek dira, Alavesen ustez, Luis Garcia Plazaren lorpenik nabarmenenak.

Getafe eta Vila-real zuzendu ditu Lehen Mailan –aipaturiko Levantez gain– eta talde madrildarrean partida gehien zuzendu dituen teknikaria izan zen, 2014an kargugabetu zuten arte. Altean hasi zuen ibilbidea teknikari gisa eta Elx eta Benidormen ere aritu zen. Getafen kargugabetu ostean, atzerrira joan zen, Arabiar Emirerri Batuetara (Baniyas SC), eta Txinan (Beijing Renhe) eta Saudi Arabian (Al-Shabab) ere aritu da.

Martxoan Mallorcak kargugabetu zuenetik, talderik gabe egon da eta Alaves zuzenduko du klubaren aro berrian. Julio Velazquez ordezkatuko du, honek ezin izan baitu maila mantendu. Salamancako entrenatzaileak zortzi partidatan zuzendu du Alaves eta hiru garaipen eta bost porrot jaso ditu. Mendilibarren zenbakiak hobetzeko asmoz iritsi zen Gasteizera, azken bi hilabetean urte osoan konpondu gabeko gabeziak konpontzeko asmoz.

Utzitakoak beraien taldeetara

Beste taldeetatik utzita iritsi diren jokalariak ere agurtu ditu Alavesek. Miazga Chelseara itzuliko da; Escalante, Laziora; Pellistri, Manchester Unitedera; Vallejo, Valentziara; Loum, Portora; eta Manu Garcia, Gijongo Sporting-era.

Horiez gain, baja gehiago ere egongo dira. Argiena, Joselurena. Kontratua bukatu zaio eta beste talde batera joango da. Sare sozialen bitartez agurtu ditu zaleak. «Zorteduna izan naiz hiru urtez zuen aurrean jokatzeko aukera izan dudalako». Jaitsieragatik barkamena ere eskatu du Lehen Mailan Alavesen elastikoarekin partida gehien jokatu duen jokalariak. «Beti babazorroa» izango dela ziurtatu du.