Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Meteosentsazionalismoa

Udaberria aurrera doan heinean eta uda gerturatu ahala, Ipar hemisferioan eta zehazki Iberiar penintsula mailan, bero handi xamarrak egiten hasia da ohikoa den bezala. Hala ere, azkenaldian eman diren tenperaturek ohikotik gutxi daukate.

Fenomeno hori klima berotzen doan heinean ugariagotzen joango den zantzuak badaude eta logikaren barnean sartzen da. Baina horrek ez du esan nahi une honetan, hau da, une errealean, ikaratu behar dugunik. Eta, azkenaldian, hainbat meteorologo eta klimatologo ikara sortu nahian ikusi ditut. Horri meteosentsazionalismoa deituko nioke. Zergatik? Alde batetik fama eta bestetik beraien orrialdeetan klik eta bisita soilak lortzeko beharra daukatelako batzuek; dirua lortu ahal izateko, noski.

Neroni jakitun naiz egoerak okerrera egingo duela uda joan eta uda etorri. Bero boladak ugariagoak eta luzeagoak izango dira. Baina hori esateko eta jendea informatzeko moduak eta moduak daude eta pertsona hauena ez da informazioa, alarmismoa baizik. Okerrena da behin baina gehiagotan sartu dutela hanka eta ez dutela autokritika bakar bat ere egin. Egoa altuegi dute eta harrokeria gehiegi. Azken egunetan Hego Amerikan hotzaldiak izan direnean isil-isilik egon dira. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.