Euskal gatazkari buruzko «Hipotesi demokratikoa» Asanblea Nazionalean
Pariseko Asanblea Nazionalean euskal bake prozesua izan zen atzo hizpide, «L’Hypothese Democratique» dokumentalaren emanaldiarekin batera. Obraren zuzendari Thomas Lacostek eta Garona Garaiko diputatu Sebastien Nadot-ek aurkeztu zuten bertan.
“L’hypothese democratique-Une histoire basque” dokumentalaren zuzendari Thomas Lacoste eta Sebastien Nadot Garona Garaiko diputatu eta Asanblea Nazionaleko Kanpo Aferetako batzordeko kidea hedabideen aurrean agertu ziren atzo. Euskal Herriarentzat bake justu eta iraunkorra aldarrikatu zuten, eta horretarako hautetsien «ausardia eta goratasun politikoa besterik ez» dela falta nabarmendu zuten.
Frantziar Legebiltzarrerako hauteskundeen bi itzulien arteko momentu sinboliko honetan, igandean hautatuko diren diputatuei zuzenean mintzatu zitzaizkien Parlamentuan, horrelako gatazkarik berriz errepikatu ez dadin epe motzera. Ildo horretan, Estatu frantsesak eta espainolak euskal bake prozesuaren kontra daramaten jokabidea salatu zuten.
Nadotek hau adierazi zuen: «Gatazkak lurperatu eta bakearen aldeko alegatua behar da bakea lortzeko; horretarako lehenik bakea nahi izan behar da, eta egiaren parteak aterarazi behar dira, Thomas Lacosteren filmak egiten duena».
Prozesuari dagokionez, euskal gizarteak eraman duen bide berritzailea agerian gelditu dela azpimarratu zuten. Lacostek gaur egun bi estatuen errepresioak hor jarraitzen duela nabarmendu zuen, eta bake-negoziatzaileen babesa aldarrikatu zuen, Josu Urrutikoetxearen atxiloketa gogora ekarriz.
XXI. mendean prozesuaren kontrako jokabide horri oihartzunik ez zaiola eman eta «ikusezintasun» osoarekin egin dela gaineratu zuen. Aldiz, «ezohiko nazioarte mailako mobilizazioari esker askatzea» lortu izana agerian utzi zuen. Ildo horretan, hau ohartarazi zuen: «Urrutikoetxea kartzelatzea, jarraitzea edo estraditatzea Ostiral Santuko 1998ko Akordioen ondoren Gerry Adams atxilotuko balute bezala da».
Preso politikoak ere aipatu zituzten; ETren jarduna 2011n eten bazen ere, egun 183 preso daudela nabarmendu zuten, aldi berean oinarrizko eskubideak ez direla errespetatzen gogoraraziz. «Gatazka honetan ikusezintasun eta estigmatizazio mekanismoak alde batera uztea derrigorrezkoa da, eta horren ordez benetako ezagutza politikoa ezartzea», baieztatu zuen Lacostek.
Bide horretan, preso guztien askatasuna eztabaidatzeko unea dela baieztatu zuen prentsaren aitzinean agertu zirelarik, bai eta munduko beste gatazketan baliatu izan diren beste baliabideak erabiltzen hastekoa ere.
Egitasmo zabala.
“L’hypothese democratique-Une histoire basque” 2016an abiatu zen proiektu oso baten parte da, zeinak euskal gatazkari eta bere eraldatzeari buruzko informazioa biltzea duen xede.
70 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte, eta orotara 315 ordu baino gehiago irauten duten solasaldiak bildu dituzte. Horiek oinarri hartuta, lau egitasmo ematen ari dira plazan.
Lehenengoa, “Bakea orain” edo “La Paix maintenant - Une exigence populaire” 23 minutuko film laburra da, armagabetzea laguntzeko eta ezagutarazteko egin zena. Geroztik sei hizkuntzatara itzulia izan da, eta Interneten ikus daiteke urririk.
Bigarrena metraje ertaineko lau filmez osatutako tetralogia da, nazioarteko telebistei zuzendua eta 2020ko udaberrian ezagutarazi zena: “Pays basque et liberte - Un long chemin vers la paix”.
Atzo Parisen aurkeztu zuten filma da hirugarrena, bi ordutik gorako film luzea, eta laugarren proiektua gauzatzen ari da. Plataforma digital bat osatzen ari dira 315 orduak sarean eman nahi dituena. Ondarea eta belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzea du xede, eta modu erabilerrazean egiten entseatzen ari dira, gaika, kronologiaren arabera edo hizketariaren arabera antzematen ahalko dena.
Baliabide berritzailea izan nahi duen plataforma hori gauzatu ahal izateko kolaboratzaile ekonomikoen bila ari dira orain.
Dokumental arrakastatsua
Gaur bederatzigarren astea du zinema geletan “L’Hypothese Democratique” dokumentalak. Arrakasta handia biltzen ari da, bereziki Ipar Euskal Herrian, non hamargarren astea eginen duen jendaurrean.
Bihar emanaldia izanen da jatorrizko bertsioan Pariseko Saint-Andre dels Arts-en. Atzo bertan emanaldiak izan ziren Arlesen, Marseillan eta Donibane Garazin, besteak beste. Asteburu honetan ere emanaldiak izan dira. Estatu frantseseko hedabide zenbaitetan ere oihartzuna izan du; halere, zuzendariak bere mintzaldian prentsa frantsesak Euskal Herriko gatazkaren konponbideari eta euskal preso politikoen egoerari “omerta” ezarri diela salatu du.
Euskal gatazkari eta bake prozesuari buruz Thomas Lacostek egin duen hirugarren ikus-entzunezkoa da hau. Lehenik film laburra egin zuen, “La Paix maintenant - Une exigence populaire”; bigarrenik metraje ertaineko lau film, “Pays basque et liberte - Un long chemin vers la paix”. I. E.