EDITORIALA

Euskal Herriak aske nahi ditu presoak

Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Ion Paroten baldintzapeko askatasunaren eskaera onartu zuen, baina Fiskaltzak, beste behin ere, errekurritzea erabaki zuen. Helegitea ebatzi bitartean hesien artean jarraitu beharko du euskal presoak. Bake Bideak «itsutasun sektariotzat» jo zuen fiskaltzaren jarrera. Etxeratek frantses Estatuaren «krudelkeria» salatu zuen eta Sortuk fiskaltzaren erabaki horretan «mendekua» ikusi. Antzeko balorazioak egingo zituzten euskal presoen askatasunaren alde mobilizatzen aritu diren kargu publiko eta herritar arrunt askok ere.

Azken urteotan, Euskal Herriko egoera politikoa erabat aldatu da. Gizartea agertoki demokratikora bidean bake iraunkorrerako baldintzak sortzen ahalegintzen ari den bitartean, Frantziako eta Espainiako estatuek iraganean ainguratuta jarraitzen dute, epeak luzatuz eta prozesua sendotzen lagunduko duen ekarpen positiborik egin gabe. Ez da bestela ulertzen presoak kartzelatik irtetea atzeratzen jarraitzea, oso baldintza gogorretan betetako kondena oso luzeak luzatzen jarraitzea. Ildo horretan, logikatik kanpo dago Frantziako Estatuak 32 urte baino gehiagoko espetxealdia bete duen 71 urteko norbait inorentzat arriskutsutzat hartzea. Are gutxiago Ion Parot eta Jakes Esnalekin batera atxilotutako Frederic Haranburu 2020an aske utzi zuenean. Zoritxarrez, konponbideei atea ixteak sufrimendua luzatu besterik ez du egiten. Jarrera horrekin herri honentzako eskaintza politikorik ez dutela argi eta garbi erakusten dute.

Azken hilabeteotako mobilizazioak agerian utzi du Ipar Euskal Herriko hautetsi, gizarte eragile eta herritar gehienek bat egiten dutela Jon Parot, Jakes Esnal eta gainerako preso politikoak askatzeko aldarrikapenarekin. Eta presio egiten jarraituko du aske utz ditzaten. Izan ere, Bake Bideak Ipar Euskal Herri osoa blokeatzeko deia egin zuen atzo, Frantziako Gobernuak bake prozesua serio hartzen ez badu. Gobernu batek arrazoiei jaramonik egiten ez dienean, mobilizaziora jotzea beste aukerarik ez da geratzen. Euskal Herriak aske nahi ditu presoak, bakerantz aurrera egiten jarraitzeko.