Kudeaketa babestuta, martxan da «zirkuluan» eraikiko den sindikatua
Biarritzen bildutako 500 ordezkariek LABen kudeaketa txostena onartu zuten atzo, eta lan ildo nagusiak aurkeztu zituen sindikatuak: erreferente sindikal nagusi bihurtzea, antirrazista izatea eta bi buruko lidergoa bultzatzea. Balantze positiboa egin zuen Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak kongresuaren hasieran, eta «aliantzak bultzatzeko zailtasunak» onartu zituen.
«Ezker independentistaren erreferente sindikal nagusi bihurtzea, arrazakeriaren aurkako sindikatu gisa eratzea eta zuzendaritza-eredu berri bat bultzatzea». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak horrela laburbildu zituen sindikatuaren X. Biltzar Nagusiko ildo nagusiak. Hala ere, antolaketarena ez da aldaketa sakon bakarra izango. Izan ere, parte hartze instituzionalerako gune batzuetara, Lanbide edo Osalan kasu, sartuko da sindikatua ordezkariek horrela onartzen badute, konfrontazioa eremu horietara ere eramateko asmoz.
“Bagara bagoaz” lelopean, LABen X. Biltzar Nagusiko lehen eguna izan zen atzokoa, eta Biarrizko Irati Erakustazokan bildutako 500 ordezkarien %99,13k onartu zuten aurkeztutako kudeaketa txostena, azken bost urteetako lana jasotzen duena hain zuzen. Gaur, datozen bost urteetarako lan ildoak onartuko ditu sindikatuak eta zuzendaritza berria hautatuko dute ordezkariek. Hala, Biltzar Nagusiak zuzendaritzaren proposamena onartzen badu, LABek bi buruko lidergoa izango du: Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo.
Atzokoan, aurkeztutako 203 zuzenketak eztabaidatu zituzten biltzarkideek egunean zehar, ateak itxita. Horietatik 102 izan ziren zuzenean onartutakoak, 115 adostuak, 47 bertan behera geratu zirenak eta 19 ez onartuak, hau da, aurkeztutakoen %6,7 besterik ez.
Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak aurkeztu zituen datuok, eta, Garbiñe Aranbururekin batera, kudeaketa txostena onartu aurretik aurrera eramandako prozesuaren garrantzia nabarmendu zuen: «Ezohikoa izan da prozedura. Entzuketa ariketak egin genituen militantziarekin eta hortik atera tesi nagusiak». Aurrelan horretatik abiatuta idatzi da ponentzia, «sindikatu parte hartzaileagoa helburu. Goitik behera eraikitzen den sindikatua baino, zirkuluan eraikitzen dena», gehitu zuen idazkari nagusiak.
Horren adibide, nazio batzordeak aurkeztu zituen autozuzenketak aipatu zituen Aranburuk, izan ere, eskualdeko batzarretako ekarpenak kontuan izan eta ponentzietan jasoak geratuko diren autozuzenketak egin ditu sindikatuak. Lehenengoa, gazte prekaritatearen ingurukoa, LABek gazteen egoera iraultzeko duen borondatea indartuz.
Aipatu bezala, nabarmentzekoa da ere parte-hartze instituzionalari dagokion zuzenketa. Sindikatuak ez du mahai sozialean parte hartuko, baina «klase borroka» instituzio publikoetara eramango duela aurreratu zuen. Horietan ez parte hartzea erabaki zuen aspaldi sindikatuak, baina, Aranburuk azaldu zuenez, espazio horiek konfrontazio estrategiaren parte bilakatzea da helburua, eta bertara «proposamen eraldatzaileak» eramateko aukerak aztertuko dituzte. «Horrek aukera emango digu patronalaren eta gobernuen arteko sintonia agerian uzteko», gehitu zuen idazkari nagusiak.
Sindikatua, «osasuntsu»
Pandemiak goitik behera baldintzatu du azken biltzarretik igarotako denbora, baina, datuak eskuan, sindikatua «osasuntsu» dagoela azaldu zuen hasiera ekitaldian Aranburuk. Urteotan LABen afiliatu kopurua handitu egin dela nabarmendu zuen -duela bost urte baino 5.000 afiliatu gehiago ditu, hau da, %12ko igoera-, eta, gainera, azken hauteskunde sindikaletan inoizko daturik onenak lortu ditu.
Orain bost urteko kongresutik hona, LABek sindikalismora berrikuntza ekarri du, Aranbururen esanetan. «Gure inguru hurbilean kapitalismoaren eta bizitzaren arteko talka sindikalismora ekartzen lehenak izan ginen. Birdefinitze horrek, pentsatu eta aritzeko moduetan, paradigma aldaketa oso bat suposatu zuen», azaldu zuen.
«Sindikalismo feminista praktikara eramateko aurrera urrats handiak egin ditugu. Langile migrante eta arrazializatuen esplotazio egoerak borrokatzen ari gara eta sindikatu antirrazista bilakatzeko urrats berriak egitera goaz. Azken batean, sindikatua langile kolektibo guztiarentzat tresna eraginkor izatea dugu helburu», zehaztu zuen Aranburuk. Hurrengo urratsa, orduan, norabide horretan joango da: idazkaritza antirrazista bat sortuko du LABek.
Mobilizazio ziklo berri bat martxan jartzea izan da sindikatuaren xedea eta Biltzar Nagusira «helburu hori lortuta» iritsi dela aipatu zuen Aranburuk: «Azken kurtsoan, sektore edo enpresa desberdinetan, 100 grebatik gora izan dira Euskal Herrian. Borrokaren bidez, enplegu suntsiketa mugatzea eta langileen soldatak eta lan baldintzak hobetzea lortu dugu hainbat eta hainbat eremutan», nabarmendu zuen. Ildo horretan, etxeko langileen inguruan egindako bi urteko prozesua goraipatu zuen idazkari nagusiak, baita behargin arrazializatuekin Nafarroako Erriberan LABek martxan jarritako borrokak ere.
Porrot egindako aliantza
Hala ere, azken bost urteotako «aukera galduak» ere izan zituen hizpide Aranburuk, eta ez zituen ezkutatu beste eragileekin izandako talkak eta gehiengo sindikala indartzeko aliantzak lortzeko ezintasunak. Gogoratu zuenez, ezker subiranotasunaren eremuko eragile politiko eta sindikalekin elkarlana indartzeko asmoa agertu zuen sindikatuak, baina, idazkari nagusiaren arabera, «ez da dena gozoa izan».
«Haizea alde genuela zirudien eta handik gutxira iritsi zen 2017ko iraileko adierazpena -ELArekin batera lan harremanetarako esparru propioa osatzeko pausoak emateko konpromisoa-, eta LAB bakarrik geratu da bere garapenean», aitortu zuen Aranburuk. Azkenik, datorren «fase ekonomiko, politiko eta sozialari» aurre egiteko sindikatua prest dela nabarmendu zuen.
Buru biko zuzendaritza baterantz
LABen Biltzar Nagusiak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu sindikatuaren antolaketa ereduan. Deigarriena, ziurrenik, zuzendaritza ereduari dagokiona da, biltzarkideek onartzen badute, aurrerantzean idazkaritza nagusi bat izatetik bi koordinatzaile nagusi izatera pasako baita LAB: Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu. Gainera, estatutuetan bertan bermatuko da sindikatuan erantzukizun handiena duten bi pertsonetako bat, gutxienez, emakumea izatea. Aranbururen esanetan, «sindikatuaren aldaketa islatzeko» hartu dute erabakia. Itxiera ekitaldian aurkeztuko dute buru biko zuzendaritza berria. Aurretik, Nicolas Blain (EH Bai), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Mitxel Lakuntza (ELA sindikatua), Pambis Kyritsis (Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusia) eta Isdalis Rodriguezen (Kubako Langileen Zentrala) hitzartzeak antolatu ditu LABek. I. AZPARREN