80 urte, 36 gradu
Iragan astean beroaldiari aurre egiteko gomendioak errepikatu zituzten behin eta berriz EITB taldeko hedabideek. Besteak beste, gehienbat adinekoei zuzenduta, eguerditik arratsaldeko bostetara etxetik ez irteteko gomendatzen zuten. Bada, ama bitan bidali zuten osasun etxera presentzialki, ordu bietan eta lauretan, hain zuzen ere. 80 urte ditu amak eta orduotan 36 gradu ziren Gasteizen.
Begi bistan da protokoloek huts egiten dutela. Osasun etxean, baina, interes eta adeitasunez aritzen diren langileek artatu zuten. Hori baita Osakidetzak duena, beste zerbitzu publikoen moduan; baldintza desegokietan lan egiten duten parerik gabeko profesionalen sarea. Ezin uler daiteke argazkietako lehen ilaran kokatzen direnek profesional hauekiko agertzen duten gutxiespena.
Ezin uler daitekeen bezala, abenduan urak estali eta orain suak kiskali duen Nafarroan, suhiltzaileek azken hilabeteotan emandako abisuei eta egindako eskaerei muzin egin izana.
Egunotako tenperaturak ez dira ohikoak. Horren arrazoia den aldaketa klimatikoa ukatzen jarraitzea ulergaitza da. Protokoloek huts egin dute eta, neurriak hartu bitartean, urak eta beroak, euriteek eta suteek kalte gehiago eragin aurretik, profesionalen ezagupenei kasu egitea komeni zaigu. Gure adinekoak zaindu behar ditugun moduan, sikiera, gordetzen duten jakinduriagatik.