GARA
GENOVA

Lau urte geroago, Morandi zubiaren tragedia epaitzen hasi dira Genovan

Mundu osoan zabaldu ziren Genovako Morandi zubi eraitsiaren irudi izugarriak. 43 pertsona hil ziren tragedian. Atzo zabaldu zen erantzukizunak finkatzeko epaiketa, tentsio handiarekin. Epaituen artean Autostrade per l'Italia (Aspi) elkartea dago, segurtasunaren kaltetan azpiegituraren mantentze-lanetan dirurik ez gastatzea erabaki zuena.

Genovako Morandi zubi eraitsiaren artxiboko irudia; 2018ko abuztuan 43 hildako utzi zituen tragediak.
Genovako Morandi zubi eraitsiaren artxiboko irudia; 2018ko abuztuan 43 hildako utzi zituen tragediak. (Piero CRUCIATTI | AFP)

Euri zaparrada itzela ekarri zuen 2018ko abuztuaren 14ko gauak. Ohi legez, Genova hiria zeharkatzen zuen Morandi zubi zaharra -ardatza hiritarrentzat eta Frantzia eta Italia arteko trafikoarentzat- ibilgailuz beteta zegoen. Baina, bat-batean, gertaera ulertezina jazo zen: zubia behera jausi zen, dozenaka ibilgailu eta barruan zeuden pertsonak amildu egin ziren, mundua zirraratu zuen tragedia gertatu zen. 43 pertsona zendu ziren, Italia osoa min jasangaitz batek kolpatu zuen, eta, gertatutakoaren detaileak jakin ahala, amorruak gain hartu zuen biktimen senideen eta herritarren artean.

Izan ere, atzo zabaldu zen epaiketako fiskalen idatzian berresten denez, «Morandi zubia erloju-bonba bat zen. Tik-tak, tik-tak entzun zitekeen, baina ez zegoen jakiterik noiz lehertuko zen». Fiskalek ez daukate zalantzarik, Autostrade enpresa eta Spea Engineering, zubiaren mantentze lanaren arduradunak, jakitun ziren «kolapsoaren arriskuaz», baina ez zituzten mantentze lanak finantzatu nahi ,«akziodunen irabaziak gordetzeko».

Lau urte iraun duen ikerketa judizialaren aurkikuntzak harrigarriak bezain mingarriak dira: zubiaren inaugurazio dataren -1967. urtean- eta eraitsi zeneko dataren artean -51 urteko tartea- ez zen gutxieneko mantentze lanik sekula egin. Eraitsi zen 9. zutabearen tiranteak indartzeko ez zen inoiz lan txikienik ere egin.

Lekuko eta froga sendoak.

Lekuko arriskutsuak pasatuko dira bizpahiru urte iraun dezakeen epaiketan. Nahi gabeko homizidioa, garraioaren segurtasunari erasoa eta dokumentu publikoa faltsutzea egozten zaie akusatuen aulkian eseriko diren 53 pertsonei. Horien artean daude Autostrede elkarteko zuzendari nagusi Giovani Castelluci, Spea Engineering-eko buru ohia eta Azpiegituren Ministerioko arduradun eta funtzionarioak. Beren defentsan, eraiki zen unean zubiak zeukan akats ezkutuari egozten diote ardura, horrela erantzukizun penala ekidin nahian.

Baina Fiskaltzak lekuko eta froga sendoak lortu omen ditu. Gogoratu behar da, bestalde, tragediaren unean Autostraderen kontrola Benetton familia dirudunaren esku zegoela, nahiz eta herritarren presioaren ondorioz Estatuari bueltatu zion. Hala ere, enpresak ez dira aulkian eseriko, fiskaltza eta senideekin milioi euro askoko akordio batera iritsi zirelako. Senideen elkarteko abokatuen hitzetan, hori bi enpresen «erantzukizunaren onarpen esplizitua da».

Bizitzak ez dauka preziorik.

Argudio horrekin beste senide batzuek uko egin zioten enpresen kalte-ordain hori jasotzeari, ez zutelako epaiketan parte zibila izateko eta beren ahotsa entzunarazteko aukera galdu nahi. Benetako epaiketa nahi zutelako.

Izan ere, epaiketa hasi denekoa egun handia da senideentzat -lau urtez itxaroten egon dira-, baita Genovako eta Italiako herritar guztientzat ere. Tragediaren inguruko egia osoa argitara atera nahi dutelako, erortzen dena erortzen dela, beren hurbilekoen heriotza alferrikakoa izan ez dadin.