Andoni ARABAOLAZA
PROPOSAMENA

Aitzakiarik ez dago Nafarroako arroketan eskalatu ahal izateko

Sua Edizioak argitaletxearen eskutik, Carlos Velazquezek «Nafarroan eskalada egiteko gida» kaleratu berri du. Denera, 29 eskalada gune, 230 sektore eta ehunka bide aurkezten ditu.

Euskal Herrian eskalada guneak aipatzen baditugu, argi dugu Nafarroak ukitu berezia duela. Euskal lurralde handiena eta zabalena da, eta, ziur asko horregatik, eskalatzeko askotariko guneak eskaintzen ditu. Eskalatzaileei ilusio handia egin zien 2009. urtean Carlos Velazquezek Sua Edizioak argitaletxearen eskutik “Escalada en Navarra” gida kaleratu izana. 23 eskalada eskola, 122 sektore eta ehunka bide; horixe jasotzen zituen proposamen horrek.

Jada 23 urte igaro dira, eta, jakina, edozein lurraldetan bezala, Nafarroan ere eskaladak bilakaera handia izan du. Gidaren egileak berak lehen urrats haiek gogora ekarri nahi izan ditu: «Aurreko gida atzo egin nuela dirudi. Baina atzera begiratu eta aztertzen badugu egun nola eskalatzen dugun, ohartuko gara alde handia dagoela».

Hori guztia aipatu eta gero, argi geratzen da lehen gida hura zaharkitua geratu dela. Horregatik , Velazquez “bidaia” berezi batean murgildu eta gida berritu batekin azaldu zaigu. Berriro ere Sua Edizioak argitaletxea lagun hartuta. Eta Velazquezi onartu behar zaio aurkeztu berri digun “Nafarroan eskalada egiteko gida” txalotzeko moduko lana dela. Berritua, zabaldua, , kalitatezkoa… eta alde guztietatik begiratuta oso-oso biribila.

Gidaren egileak berak honako hau gehitu nahi izan du: «Urteetako eskarmentuak ere pisua izan du. Lan nekeza eta luzea izan da, eta xehetasun handiz egin dut. Gida honek asko erraztuko die eskalatzaileei bilatzen duten bidearekin asmatzea, bai horma horiek ezagutzen dituztenei, bai bide berriak aurkitu nahi dituztenei, bai beste lurralde batzuetatik iritsitakoei ere».

ASKOTARIKO AUKERAK

Esan dugun bezala, lehen gidaren eta bigarren honen artean alde handia dago. Eskalatzaileak 29 eskalada gune, 230 sektore eta ehunka biderekin egingo du topo. Informazio bilaketa horretan Velazquezek lan handia egin du: «Informazio fidagarria dakar gidak; lagunekin zein eskalatzaile eta ekipatzaile askorekin egiaztatutakoa».

Eskalada eskola nagusien berri ematen du, ohi baino informazioa osatuagoa eskainiz gainera. Eta horien artean Etxauri da protagonismo handiena hartzen duena. Kirol eskaladako bideak aipatzeaz gain, estilo tradizionaleko sektoreek ere badute lekua. Gune berriak ere ez dira atzean geratzen: Larraun, Madalenaitz, Napari… Irakurri bezala, gune asko eta askotariko estiloak eskaintzen dituztenak.

Eskertzekoa da ere Velazquezek egiten dituen iruzkinak: «Ingurumen babesari, harrapariei eta landareei buruzko mezuak txertatu ditut, baita gai teknikoak eta segurtasunekoak ere, nola jokatu eta zer egin».

Inolako zalantzarik gabe, “Nafarroan eskalada egiteko gida”-ri ez diogu akatsik ikusten. Egileak zein argitaletxeak ondo baino hobeto kudeatu dute izaera horretako gida batek eskatzen duen guztia. Argi geratzen da lan profesional baten aurrean gaudela. Eta horri buruz galdetuta Velazquezek zera gehitu du: «Marra, datu eta argazki bakoitza plangintza eta asmo zehatz batekin egin dut. Bide bat egitera igo aurretik paretan jartzen dudan arreta berbera da».