Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Banderak Orio eta Urdaibairentzat, talde donostiarrak lidergoan

Euskotren Ligan Oriok ez du arazorik izan Coruñako bandera eskuratzeko bezperan pilatutako errentari esker, baina bigarren jardunaldian Arraun Lagunak nagusitu eta lider ipini da. Eusko Label Ligan Urdaibai izan da azkarrena berriz ere.

Urdaibaik bitik bi estropada irabazi ditu asteburu honetan Coruñako uretan.
Urdaibaik bitik bi estropada irabazi ditu asteburu honetan Coruñako uretan. (EUSKO LABEL LIGA)

Kirol lehiaketa bati emozioa eskatzen zaio erakargarri izan dadin, eta aurtengo traineru liga nagusietan horixe ez da falta oraingoz, emozioa. Euskotren Ligan Arraun Lagunak eta Orio berdinduta dira sailkapen nagusiko lidergoan, hamalauna punturekin eta bina garaipenekin. Eta Eusko Label Ligan lau talde ditugu buruan bi puntuko tartean.

Coruñako bigarren jardunaldiak ere emozioz beteak izan ziren atzo. Ez horrenbeste bandera irabazteko lehian, hor Oriok eta Urdaibaik ez zutelako batere sufritu bezperatik pilatua zuten errenta mardularengatik, baina bai estropadan garaile izateko borrokan. Emakumezkoetan Arraun Lagunak izan zen azkarrena, baina Oriori 1.72 segundoko aldea bakarrik sartuz, eta gizonezkoetan Urdaibai nagusitu zen berriro, baina Donostiarra 1.82 segundoko alde txikiarekin menderatuz.

Euskotren Ligan, Arraun Lagunak dena ematera irten zen, 7.08 segundoko desabantailari buelta eman eta bandera irabazteko asmoz, baina azkar ikusi zen ez zela posible izango. Oriok bikain eutsi zion donostiarren erritmoari eta ziabogan denbora berdina markatu zuten (05:45).

Bigarren eta hirugarren kaletik, elkarren ondoan, lehia ederra izan zuten bi traineruek itzulerako luzean ere. Tosta pare bat aurretik ibili zen ia beti Arraun Lagunak eta amaieran ere horrelaxe izan zen: 10:56.50eko denbora markatu zuten hiriburukoek eta 1.72 segundora sartu ziren oriotarrak. Garaipenak bandera ez baina sailkapen nagusiko lidergoa eman die.

Atzeko lehian ere egon zen albistea, denboraldian lehen aldiz Tolosaldeak Donostiarrari aurrea hartzea lortu zuelako. Tolosarrek 5.16 segundo sartu zizkieten donostiarrei, azken postua ekiditeko borroka egon daitekeela erakutsiz.

DONOSTIARRAK EUTSI

Eusko Label Ligari dagokionez, Donostiarra izan zen bezperan bezalaxe irteera benetan indartsua egin zuena eta lehen ziabogan hiru segundoko abantaila zuten aurkariekiko. Baina larunbatean gertatu zena errepikatuz, Urdaibai hobeto itzuli zen bigarren luzean eta lan erditarako aurretik ziren bermeotarrak.

Hori bai, atzo Donostiarra gai izan zen bizkaitarren erritmoari eusteko eta estropadaren bigarren erdi osoan Urdaibaik ez zuen bere abantaila, segundo bat ingurukoa, apenas handitu. Hondarribia ere ez zen urrun ibili, azkenean 4.46ra sartu zen, eta atzo Orio izan zen lehen kaletik gehiago sufritu zuena, nahiz eta laugarren postuari eutsi zion.

Une batez, bigarren txanda irabazi zuen Kaikuk garaipenarekin amestu zuen, haizeak gora egin zuelako, baina ez zen ezustekorik izan.