EDITORIALA

Haurren funtsezko txertaketan atzerakada

Koronabirusaren pandemia dela eta, komunikabideok nazioarteko txertaketaz, bere balioaz eta mundu mailan izan diren desorekez hitz egin dugu sarri. Pandemiaz harago, ordea, txertaketak nabarmen egin du atzera mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Unicefek aste honetan argitaratutako datu ofizialek agerian uzten dute iazkoa izan zela azken 30 urteetan haurren txertaketan izan den beherakadarik iraunkorrena. Difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen (DTP3) aurkako txertoaren hiru dosi jaso zituzten haurren ehunekoa %5 jaitsi zen 2019 eta 2021 artean, %81ean kokatzeraino. Txerto hori nazioarteko haur txertaketaren adierazletzat hartzen da; batez ere, garapen bidean dauden herrialdeetan hilkorrak izan daitezkeen gaixotasunak apaltzeko gaitasuna duelako. 25 milioi horietatik 18 milioi haurrek ez zuten dosi bakar bat ere jaso urte osoan. Txertaketa-tasen jaitsiera historiko hori desnutrizio larriaren tasen igoera azkarraren testuinguruan gertatzen ari da, gainera. Ume horietatik gehienak txirotasun handia duten herrialdeetan bizi dira: Indian, Nigerian, Indonesian, Etiopian eta Filipinetan. Pakistan salbuespena da, erakunde horiek azaldu dutenez, bertako Gobernuak txertaketa maila egonkortzeko ahalegin handia egin baitu.

Osasun sistemak gainezka daude mundu osoan, baina hor dago etorkizuneko pandemiei aurre egiteko gakoa. Adibidez, osasunaren munduko arkitektura indartzea derrigorrezkoa da, pandemiarekin ikusi denez, halako gaixotasunek ez baitiete muga politikoei jaramon egiten -klase sozialak, ordea, oso kontuan hartzen dituzte gaitzok, lurralde eta pertsona pobreenek ondorio lazgarrienak jasateko askoz ere aukera gehiago baitituzte-. Are gehiago, behin txertoak asmatu direnean, txertoak desberdinkeria horiek murrizteko tresna eraginkorrak direlako, hain zuzen ere. Orokorrean, lehen mailako arreta zerbitzuetan inbertitzea hil ala bizikoa da, baita mundu osoan funtsezko txertaketak mantentzeko eta hobetzeko baliabideak ematea ere. Gobernuek beren plangintza eta aurrekontuetan ekimen hau barneratu beharko lukete, osasungintza sistema bat baita eta gizadiari eragiten baitio.