Surflari ernegatua

Erreferentzia Xibertan

Negu honetan olatu ederrak hartu ditut eta orain, ia olaturik ez dagoela, azken aldian Angeluko Madraga hondartzan hartu ditudan olatu bikainekin oroitzen naiz. Batzuetan, Kortsarioen hondartzan sartu eta korronteen ondorioz ia kilometro bat ekialdera irteten nintzen. Garrantzitsua da lehorrean erreferentziak hartzea, korronteak norantz eta nola mugitzen gaituen jakiteko. Horrela topatu nuen olatu borobilak eskaintzen zituen urautsiaren parean mantentzen lagunduko zidan erreferentzia bat: Xiberta.

Bai, Xibertako golfaren ondoan dagoen eraikin baten parean hartu ditut neguko olaturik hoberenak. Hainbeste ordu arraun egiten bestelako gauzetan pentsatzeko ere denbora izaten da eta Xibertako eraikinari begira izen horrek duen balio politikoa izan dut buru handi honetan bueltaka. Xibertak ezin hobeto adierazten baitu ezker abertzalearen izatea, euskaldunok elkartu eta denon artean norabide berean arraun egiteko sortu zen mugimendua, Estatu frantses zein espainiarraren aurrean herri bezala aurkeztu ahal izateko bitarteko politikoa.

Olatua hartu, erori, taula berreskuratu, aparren kontra egin, urautsia gainditu ostean korrontearen kontra aritu eta berriz ere olatua leku egokian hartzeko eremua seinalatuko didan kanpoko erreferentziari so egin behar diot. Politikan bezala da, ez da apar eta korronte artean galdu behar, erreferentziak ezin dira ahaztu.

Aitzitik, apar eta olatu artean galduta sumatzen ditut nire betiko bidelagunak, ustezko komunisten tontakeriak direla edo herriko kaleetako baldosek beharko luketen kolorea dela, eztabaida antzuetan murgilduta daude. Ez dut ulertzen. Jada nahiko bide egin dugu gauza garrantzitsuak zein diren jakiteko, lehen, bigarren eta hirugarren mailako gaiak sailkatzeko gai behar genuke, baita mobilizazioei dagokienez ere.

Jakin beharko genuke ohiko mobilizazioak, mobilizazio garrantzitsuak eta oso garrantzitsuak bereizten. Uztailaren 23koa da adibide garbia, ez da oso azkarra izan behar ohiko mobilizazio bat ez dela ohartzeko, oso gutxitan bizi ahal izango dugun moduko mobilizazioa izango da. Nire iritziz, herri bezala erantzun beharko genuke, zama guztia Ipar Euskal Herriko lagunen gain utzi gabe, presoen gaian Estatu frantsesak luzatu duen pultsuari eusteko gai garela frogatzeko. Urratsak emateko modu bakarra da, une garrantzitsuetan batuta aritzea. Huts egin ezineko zita da, beraz, hurrengo larunbatekoa, parte hartzen ez duten lagunei biharamunean kontuak eskatzeko horietakoa. Bestela, Xibertan PNVk izan zuen jarrera onartzea litzateke.