GARA
MADRIL

JxCat-en zuzenketa batek Kongresura itzularazi du «bai bakarrik da bai» legea

«Manada auzia» salatzeko egindako protesta.
«Manada auzia» salatzeko egindako protesta. (Marisol RAMIREZ FOKU)

Atzo zen onartzekoa Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko Lege Organikoa -«bai bakarrik da bai» gisa ezaguna- Senatu espainiarrean, baina espero gabeko zuzenketa baten ondorioz testuak Kongresutik pasatu beharko du berriz eta, horrela, legea ez da indarrean sartuko uda honetan.

JxCat taldeak aurkeztu zuen zuzenketa eta PPk, ERCk, Ciudadanosek, Mas Madridek eta Koalizio Kanariarrak, besteak beste, babesa eman zioten. Orotara, aldeko 130 boto, kontrako 112 eta 17 abstentzio jaso zituen.

JxCat-eko iturriek Efe agentziari onartu ziotenez, ez zuten espero jasotako babesa. Zuzenketak, gainera, ez zuen aldaketarik proposatzen testuaren edukiaren gainean: akats gramatikal bat konpondu asmo zuen. Hala eta guztiz ere, legearen onarpena gutxienez irailera arte atzeratuko da, Kongresuan ez baita saiorik izango ordura arte.

Monteroren ospakizun goiztiarra

Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak Senatuaren osoko bilkuran parte hartu zuen bozketa baino hiru ordu lehenago, legea behin betiko onartuko zela konbentzituta. «Gure alabei, lagunei, lankideei beraien orainaldia eta etorkizuna gure iragana baino askeagoak izango direla esango diegu gaur», aurreratu zuen Monterok.