Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Lurraren erabilpen kaskarra

Beroketa globalaren gaia zoritxarrez moda-modan den garaiotan, bada oso gutxi aipatzen den garrantzi handiko beste gai bat ere: lurraren erabilpen kaskarrarena. Meteorologiaren barruan ematen diren muturreko fenomenoek kalte handiak eragin ditzaketela jakina da, baina kalte horiek hein batean gutxitzeko ez da ezer egiten agintarien aldetik. Adibide batzuk jartzearren, lehendabizi basoetan ematen den erabilpen kaskarra aipatu behar da. Bertako zuhaitzak, zuhaitz autoktonoak landatu beharrean, pinua, eukaliptoa eta lurrarentzat kaltegarriak diren hainbat zuhaitz landatzen dira. Horiek lurra erretzen dute barrutik, ura xurgatzeko gaitasuna galtzen duelarik; horrenbestez, urak beherantz egiten du eta ibaietara behar baino ur gehiago joaten da.

Ibaiak ere oso zikin daude. Landare naturalen presentzia kendu eta ibaiaren ibilgua desbideratzen dute, eta, ondorioz, euriteekin uholdeak izateko proportzioa nabarmen gehitzen da.

Zer esan nahi dut honekin guztiarekin? Beroketa globala aurrera doan heinean, muturreko fenomenoak ugaritu eta uholdeak, suteak eta lur-jausiak ugalduko direla, gure herriak eta hiriak eta tokian tokiko biztanleak serioski kaltetuz. Ez badira beharrezko neurriak garaiz hartzen, ondoren negar egiteak ez du balioko.