GARA
SANTIAGO DE COMPOSTELA

BNGk eskuinaren alternatiba gisa aurkeztu du bere burua Galiziako Aberri Egunean

Ana Ponton, atzoko manifestazioan.
Ana Ponton, atzoko manifestazioan. (César ARXINA | EUROPA PRESS)

Milaka lagun bildu ziren atzo Santiago de Compostelan, Aberri Eguna ospatu eta Galiziaren subiranotasuna aldarrikatzeko. “Gañarmos o futuro” lelopean, BNGk bere proiektu politikoa eskuinaren alternatiba gisa aldarrikatu zuen ekitaldi jendetsu batean.

Ana Ponton BNGko bozeramaileak atzoko ospakizun eta harrotasun jardunaldia baliatu zuen adierazteko Aberri Egunak izaera bereziagoa duela aurten, «azken berrogei urteotako prezioen krisirik handienean» murgilduta dagoelako Galizia. Ildo horretan, oposizioko liderrak BNGren proiektuak «herritarrak elektrika handien, petrolio-enpresen eta bankuen aurretik» jarriko dituela nabarmendu zuen.

Santiagon bildutako milaka galiziarrekin batera, estaturik gabeko beste nazio batzuetako mugimendu subiranistetako ordezkariek ere parte hartu zuten BNGren mobilizazioan, Katalunia, Euskal Herria, Eskozia edo Palestina kasu.