GARA
ERREMONTEA

Sei erremontista lehian Buruz Buruko Kutxabank Txapelketan

Final-laurdenetako atariko ligaxkan Ezkurra II.a, Juanenea eta Azpiroz ari dira, eta nagusitzen den pilotariak azken fasea jokatuko du Ansa II.arekin, Urrizarekin eta Barrenetxea IV.arekin batera. Azken fase hori ere ligaxka eran jokatuko da.

Buruz Buruko Kutxabank Erremonte Txapelketako protagonistak, atzo Galarretan.
Buruz Buruko Kutxabank Erremonte Txapelketako protagonistak, atzo Galarretan. (Andoni CANELLADA FOKU)

Atzo aurkeztu zen Buruz Buruko Kutxabank Erremonte Txapelketa. Aurreko ostegunean hasi eta irailaren 10era arte sei pilotari ariko dira nor baino nor Galarretan: batetik, aurrez sailkaturik dauden Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a tituluaren defendatzaile eta txapelduna, eta, bestetik, atariko ligaxkan postu baten bila ari diren Ezkurra II.a, Juanenea eta Azpiroz.

Azpirozek ez zuen itxaropen handirik erakutsi atzoko aurkezpenean. «Paper ona egitea da nire helburua, baina itxaropena erdi galduta dut. Aurreko ostegunean Juanenearen aurka erakutsitako maila baino gehiago badaukadala erakustea nahi dut orain», adierazi zuen.

Ezkurra II.ak, ostera, beste jarrera batekin hartu zuen atariko ligaxka atzokoan. «Gogotsu eta ilusioarekin nago. Paper ona egitea da helburua», onartu zuen, Juaneneak bezalaxe. «Hasieran helburu handirik ez nuen. Baina Azpirozen aurka irabazi eta gero, atea asko zabaldu zait eta partida bakarrera nago ligaxkan sartzeko», esan zuen Juaneneak.

AZKEN FASEKO FORMATUA

Final-laurdenetako faseko irabazlea Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a tituluaren defendatzailea jokoan dauden azken ligaxkan arituko da, iazko sailkapenaren arabera eskailera mantenduz. Torneoak azken txapelketen ligaxka formatua mantenduko du: lehena finalera pasako da eta bigarrena eta hirugarrena finalerdi batera.

Ligaxka hilaren 11n hasiko da eta azken partida 27an jokatuko da. Hilaren 13an, 19an, 20an eta 25ean ere jokatuko dira partidak. Hilak 19ko partida ETBk gauez emango du eta abuztuaren 27koa eta irailaren 3koa eta 10ekoa, zuzenean. Azken hiru jaialdiok 15.30ean hasiko dira eta, abuztuaren 19koa, 17.00etan. Gainerako jardunaldiak 16.30ean hasiko dira.

Bigarren eta hirugarren finalaurrekoa irailaren 3an jokatuko da eta final handia irailaren 10ean. Bi ligaxketan, lau, bi, bat, zero eta ken puntu bateko ohiko puntuazioa aplikatuko da. Bi erremontisten arteko puntu-berdinketa bada, bien artean jokatutako partida irabazi duena sailkatuko da lehenengo. Berdinketa hirukoitza edo laukoitza bada, tanto alde orokorra hartuko da kontuan.

Prest da Antiguako Pilota Txapelketa

Antiguoko Pilota Txapelketak 74. ekitaldia aurkeztu zuen atzo. Hilaren 9tik aurrera, astearte eta asteazkenetan, ez da partidarik faltako Donostiako auzoan, 19.00etatik aurrera betiere. Mutiletan, seina bikote izango dira Promesetan eta Lehen Mailan. Hiruna bikotez osaturiko ligaxkak jokatuko dira eta finalerdietara aurreneko biak pasako dira. Finalerdiak hilaren 30ean eta 31n izango dira, 18.30ean. Finalak irailaren 3an izango dira, 11.00etan. Emakumeetan, lau pilotari ariko dira. Finalerdiak hilaren 30ean eta 31n jokatuko dira, buruz buru, 18 tantora.

Kanporaketako partidak 22ra jokatuko dira, baina bi tantoren aldea beharko da irabazteko; hala, 25 tantora luzatu ahal izango dira lehiak. Partida guztiak zuzenean streaming bidez jarraitu ahal izango dira.GARA