Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

«Manitua» bidearen zirrikituetan aritu da euskal sokada bat

Slavko Sveticic esloveniarrak bakarka sortutako bidea Iñaki Mendizabal eta Mikel Saez de Urabainek eskalatu dute.

Alpeetako historialariek zein adituek diote mendilerro horretan egin diren jarduera interesgarrienen inguruan liburu bat idatzi beharko balitz, Grandes Jorasses mendiko iparraldeko horman egindakoek leku berezia izango luketela. Jakina, hori ez da harritzekoa; izan ere, tenplu horrek alpinismorako osagarri zinez erakargarriak gordetzen ditu.

Ez gara hasiko horma laiotz horretan zabaldu diren bideen zerrenda bat egiten; ezta sinatu diren goi mailako aktibitateak aipatzen ere. Luzeegia izango litzateke. Baina geldialdi bat egingo dugu aura berezia duen marra batean. “Manitua” du izena. Slavko Sveticic da bidearen egilea. Alpinista mitikoak bakarka sortu zuen; maisulan bat alpinista guztientzat. Esloveniarrak Croz espoloia eta “No Siesta” bideen artean zirrikitu bat bilatu zuen. Hori duela 31 urte gertatu zen. Bada, joan den hilean, euskal sokada batek “Manitua” bidearen bihotzean jardun du, zirrikitu horiek zer adierazten duten asmatzen.

Iñaki Mendizabal eta Mikel Saez de Urabain dira bide enblematikoa eskalatzera “ausartu” direnak. Nahiz eta adinean alde handia duten, soka talde horretako kideek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Dagoeneko makina bat jarduera egin dituzte elkarrekin. Mendizabal gaztea da, baina azken urteotan erakutsi du alpinismoaren zein eskaladaren “arma” guztiak menderatzen dituela. Ikasten ari da, bai, baina ezin zaio ukatu eskarmentu sendoa pilatzen ari dela. Egun, adibidez, FEDMEk antolatutako Alpinismo Taldean ari da.

Saez de Urabain, berriz, taldeko beteranoa da. Euskal Herrian alpinismoa aipatzen baldin badugu, gipuzkoarraren izena edonondik aterako da. Eta Grandes Jorasses mendiko iparraldeko horma aipatu dugunez, aurreratu behar dugu goierritarrak laugarren aldia zuela “harkaitzezko eta izotzezko katedral” horretan. Lehen bisitan, “McIntyre-Colton” igo zuen Alfonso Vizan zenarekin. Bataio horren atzetik, Jose Maria Andres Chemarirekin Croz espoloia iritsi zen. Eta hirugarren bisitan, aurkezpenik behar ez duen “No Siesta” marra gogorra igo zuen Kepa Escribano sokakide zuela. Laugarren eta azken bisita, berriz, aipatu dugun “Manitua” bidea eskalatzeko egin du.

Alpinista ordiziarrak Chamonixen egin zuen bat oñatiarrarekin . Saez de Urabain girora egokitu gabe zegoen; Mendizabal, aldiz, bikain. Eta hori diogu FEDMEren taldearekin Alpeetako hainbat hormatzarretan eskalatzen egon zelako. Bi protagonistok Grandes Jorasses mendiko iparraldeko horman dauden bideen inguruko informazioa jaso zuten. Eta adierazi zieten Sveticicek sortutako bidea baldintza egokietan zela. Euskal sokadak bazekien marra horrek zer eskatzen duen, baina, gehiegi hausnartu gabe, xede bezala hartu zuen.

“Manitua”-n eginiko bidaiari dagokionez, lehenik eta behin hormara hurbildu ziren. Gaua glaziarrean igaro ondoren, biharamunean lehen urratsak egin zituzten Grandes Jorasses mendiko iparraldeko murruan. Lehenik eta behin, “Manitua” hasten den lekura heltzeko lehen zati delikatua gainditu zuten; arroka txarreko sekzioa, alegia. Hortaz, bidearen ezkutura heldu ziren; hots, “Manitua”-ren benetako erraietara. Saez de Urabainek dioen bezala, hor hasten da saltsa guztia. «Kranpoiak alde batera utzi eta katu-oinak jantzi genituen. Motxilak ere kendu eta petate moduan prestatu genituen soka osagarriarekin igotzeko. Aldaketa atsegina da. Oso onak iruditu zitzaizkigun luze guztiak; gehienak, 6c mailakoak. Horma ere ia lehor zegoen, eta azkar eta seguru gindoazen pareta ikaragarriari metroak irabazten. Dena politegia zen. Ezkutuko azken luzearekin topo egin eta sekulako astindua eman zigun. Ia hiru ordu egin genituen metro horiek gainditzeko».

KORAPILOA

Mendizabal eta Saez de Urabainek aise gainditu zituzten ezkutuaren lehen luzeak. Bidearen giltza ziren. Aurrez aurre bi aukera: jatorrizko A3+ eta era askean egiten den “Lafaille” bidearena. Lehentasuna lehenak izan zuen. Ordiziarra sokaburu jarri zen, eta A3+ horretan sartu zen: «Erraz hasi nintzen harresi itogarrian gora; hasieran librean, gero iltzetik iltzera eroria zuen tartean. Errazegi nindoan, eta hori ez zen normala, besteak beste, luze hori A3+ mailakoa delako. Argi zegoen ‘Manitua’-k zerbait gordetzen zuela isilean. Azken iltzetik zintzilik nengoen. Iltze zahar batek norabidea markatzen zidan. Urrunegi zegoen zintzilik nuen iltze eskasetik iritsi ahal izateko. Iñakiri eskatu nion soka osagarriari gure iltze sorta lotzeko. Iltze txikiena sartu eta eutsi egin ninduen. Luzatu eta lortu nuen fisurero txiki baten kablea txintxeta itsusian lotzea».

Saez de Urabainek ia eskura zuen giltza den luze hori, baina azken metroek buruhauste ugari eragin zizkioten. Era askean probatu zuen helduleku ñimiñoetatik helduz. Hurrengo pausua dinamikoa zen; hain zuzen ere, balizko helduleku on batera heltzeko bidea: «Ez nuen ukitu ere egin. Hori zen azken mugimendua. Ekinaldi gehiago egin nituen, baina ez nuen nire helburua lortu. ’Manitua’-ak zerbait gordetzen zuen ezkutuan. Iñakiri esan nion jaisteko eta berak probatzeko. Larritu egin nintzen Iñaki hegan egiten ikusi nuenean, tarte hori aise gaindituko zuela pentsatu bainuen. Metro eskas batengatik ezin genuen aurrera jarraitu. Alternatiba bat bazegoen: era askeko aldaera. ‘Lafaille’ bidearen tarte bat hartzen duen sekzio horrek 7c zailtasuna du».

Sakelako telefonoa hartu, web orri batean sartu eta aldaera horretara pasatzeko informazioa eskuratu zuten. Azkenean, norabidearekin asmatu eta egunaren azkeneko argi izpiekin batera bibakera heldu ziren; hots, 7c mailako luzearen bileraren ondora. Izotzarekin estalitako zulo estu bat aurkitu zuten. Hura garbitu, antolatu eta, hala moduz, gaua igaro zuten.

Biharamunean, katu-oinak gorde eta Croz bideak dituen elurrezko azkeneko aldatsetan sartu ziren. Bide horren amaieran hainbat irteera daude. Protagonistok “Manitua” eskalatu zuen txekiar sokada baten proposamena jarraitzea erabaki zuten: «Zeharbide delikatuak ditu, eta beti izotzaren bila jardun genuen. Irteera hori ez zegoen batere egoera onean. Izotz gutxi zuen, eta eskalada mistoan murgildu behar izan genuen. Alabaina, oroitzapen onak ditut tarte horrekin. Arratsaldeko lehen orduan iritsi ginen azkenean gailurrera. Harrotasuna nabaria zen gure begiradan; euforia gailendu zen gure artean».