A. G.
ARRAUNA

Urdaibairen helegitea igandeko estropadari

Urdaibai kexu da azken estropadaz.
Urdaibai kexu da azken estropadaz. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zarauzko XLV. Ikurrina joan den asteburuan jokatu bazen ere, Eusko Label Ligako igandeko estropada oraindik ez da amaitu. Jakina da bi ehuneneko aldeagatik Hondarribiak eraman zuela Zarauzko estropadako bigarren jardunaldia, nahiz eta behin-behineko denboren arabera Urdaibai izan zen garaile. Bada, igandeko estropada horren harira Urdaibaiko traineruak helegitea aurkeztu zuen Lehiaketako Epaile Bakarraren aurrean.

Bermeoko taldearen iritziz, erreferentziatzat erabili zen helmugako marra birtual hori ez zegoen behar bezala ezarrita. «Gure ustez, GPS bidez ezarritako helmuga-marra ez dago ondo kokatuta, buietatik urruti, eta hori sekulako akatsa da», adierazi zuen Agustin Aranburu Urdaibaiko presidenteak.

«Zer dela-eta ezarriko zen hasiera batean 19 ehuneneko tartea gure alde, gero azkenean bi ehunen atzetik amaitu genuela adierazteko? Nola egon liteke 21 ehuneneko aldea erabaki batetik bestera», gaineratu zuen Aranburuk.

SAILKAPEN NAGUSIA

Hondarribia Arraun Elkarteak kontu honen inguruan ezer ere ez esatea erabaki du. Bitartean Epaile Bakarraren aurrean dagokion dokumentazioa aurkeztu du klub bizkaitarrak. Tramitera onartu zuen eta hurrengo egunetan emango du aditzera azken erabakia.

Aintzat hartu beharreko kontua da hau Eusko Label Ligako sailkapen nagusiari begira. Azken batean, hiru segundotik gorako aldeari eutsi zion Urdaibaik Zarauzko XLV. Ikurrina irabazteko, baina ez da gauza bera Eusko Label Ligako sailkapen nagusian lider den Urdaibaik bigarren postuan doan Hondarribiari hiru puntuko aldea -uneotan dagoen moduan: 172-169 bizkaitarren alde- edo bostekoa ateratzea, Liga amaitzeko lau estropada falta direnean.

EUSKOTREN LIGA

Bestalde, jakina da datorren urtean Euskotren Ligak zortzi parte-hartzaile izango dituela. Zazpi lehiakidek badute 2023ko Euskotren Ligan aritzeko txartela: Orio, Arraun Lagunak eta Donostiarra aurtengo Euskotren Ligako hiru onenak izateagatik; Hondarribia eta Hibaika ETE Ligako bi onenak; Cabo eta Chapela, Galiziako bi onenak.

Hiru hautagai daude txartel bakarrerako. Irailaren 17 eta 18ko play-offetan jakingo da norentzat den: Tolosaldea, Euskotren Ligako laugarrena; Deustu, ETE Ligako hirugarrena; Mugardos, Galiziako Ligako hirugarrena.