GARA
NEW YORK

Armagabetze nuklearraren aldeko negoziazioan, nahia eta ezina nagusi

Mundua begira duen Zaporizhiako zentral nuklearra.
Mundua begira duen Zaporizhiako zentral nuklearra. (Ed JONES | AFP)

Erlojuaren kontrako lasterketa betean dabiltza munduko gobernuetako negoziazio taldeak, Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna eguneratu eta berresteko helburuarekin New Yorken egiten ari den konferentzian. Ukrainako gerran, bereziki Europako zentral nuklear handiena den Zaporizhiako instalazioetan, gerta daitekeenaren inguruko kezkak markatutako batzarrean akordio batera iristeko nahiak eta ezinak begi bistakoak egin dira munduaren begietara.

Hiru aste iraun duen batzarrean bozkatu nahi den agiriak, Zaporizhian gertatzen ari diren bonbardaketa militarren inguruko kezka azaltzeaz gain, agintari ukrainarrek zentralaren kontrola berreskuratzeko garrantzia azpimarratzen du. Era berean, bertan gune desmilitarizatu bat ezartzeko deia egiten du. Horrek, baina, Errusiak baiezkoa ematea ia ezinezko egiten du.

Lehengo lepotik burua

Gauzak horrela, adostasunezko agiri bat konferentziatik ateratzea ia ezinezkoa da. Ezkortasuna da nagusi New Yorken, noiz eta Ukrainako gerrak arma nuklearren ugaltzea azkartu eta balizko erabilera inoiz baino gertuagoko aukera bihurtu duen honetan.

Entzutetsuena izan arren, Ukrainakoa ez da zatiketaren arrazoi bakarra. Horren erakusle, 2015ean ere antzeko egoera bizi izan zen, eta orduan ez zen gerrarik Ukrainan. Azken konferentzia horretan ere ezinezkoa izan zen akordio bat lortzea, eta, antza, ezinezko izaten jarraituko du. Zatiketa nagusia, noski, betikoa da: arma nuklearrak dituzten potentzia handien eta ez dituzten herrialdeen artekoa. Amildegi nuklear baten ertzean omen gaudela diote agintariek, baina, hori bai, munduak lehengo lepotik burua.