Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Hondarribiak behe laino artean irabazi du Boiron; Urdaibai, sendo lidergoan

Boiroko Bandera jokatzea ezbaian egon da ordu erdiz goizean goizetik behe laino trinkoa nagusi izan baita Galizian. Azkenerako, lehiaketa batzordeak onespena eman eta «Ama Guadalupekoa» ontziak astindu du bandera. Urdaibaik jarraitzen du lider.

Hondarribiko patroi Ioseba Amunarriz, Boiroko Bandera astintzen.
Hondarribiko patroi Ioseba Amunarriz, Boiroko Bandera astintzen. (ACT)

Arantzatxoak kendu eta sentsazioak berreskuratzeko balio izan zuen atzoko Boiroko Banderak. Hori izan zen Zierbenak eta Lekittarrak etxera eraman zuten apurra, askorako eman dezakeena Kontxako sailkapen estropadan, batentzat eta jaitsiera fasean, bestearentzat. Sari handiena Hondarribiarentzat izan zen, XXXII. Boiroko Bandera astindu eta Urdaibairi koskatxo bat janda. Nolanahi ere, denboraldiaren azken txanpa honetan, koskak handiagoa behar du izan “Ama Guadalupekoa” ontziak egoera irauli nahi badu.

Izan ere, Orbañanosen gizonek estropada zinez ona egin zuten, baina Urdaibaik ondo bete zuen papera: irabazi ezin badu, hondarribiarren atzetik helmugaratzearena, alegia. Bigarren eginda, “Bou Bizkaia”-k hiru puntuko errentarekin jarraitzen du lider eta soilik bi jardunaldi falta dira liga bukatzeko: Bermeoko eta Portugaleteko estropadak.

Hondarribiarrek indartsu ekin zuten Boiron, kasik bertan behera geratu zen estropadan. Behe laino trinkoa sortu zen goizean goizetik eta kosta egin zitzaion altxatzea, are, ez zuen guztiz altxa. Hasiera batean, beltz ikusten zen jardunaldia jokatzea, baina apur bat argitu eta estropada egiteko onespena eman zuten azkenean agintariek.

PROGRESIBOKI

Ohorezko txandan “Ama Guadalupekoa”-k segituan handitu zuen aldea arerioekiko. Urdaibai geratu zen gertuen, Donostiarrak eta Oriok segituan galdu baitzuten denbora. Hondarribiko eskifaia, bigarren luzerako, tarteak handitzen joan zen, «progresiboki», Galder Ezponda arraunlariak azaldu legez, garaipena lortu arte. «Ondo sentitu gara, disfrutatu egin dugu», onartu zuen gipuzkoarrak eta astindutako banderarekin zein poltsikoratutako 12 puntuekin pozik agertu zen.

Liga nora joango den erabakitzeko bi jardunaldiren faltan -Kontxako estropadaren ostean jokatuko dira-, Urdaibaik poltsikoan du garaikurra. Hiru puntuko errenta iraultzeko, ustekabeko handi bat behar da. Ezbaian jarri ezin dena da “Bou Bizkaia”-k garaipena ondo baino hobeto bideratuta duela. Nahikoa zaio bi jardunaldietan Hondarribia baino postu bat atzerago heltzea. Bermeon Gipuzkoarrek lehenengo egin eta bizkaitarrek, laugarren, hor hasiko lirateke urduritasunak.

Kontxako sailkapen estropada jokatzen da etzi eta, ondoren, hain bandera preziatua lortzeko bi estropada erakargarri. Bertan edukitako sentsazioek ere izango dute zeresana. Azken hitza oraindik ez dela esan, alegia.

SENTSAZIOAK AURKITU

Kontxako sailkapen estropadarako hauspo handia hartu zuena Zierbena izan zen, hain zuzen ere. Aresen oso eskas aritu ziren galipoak -azken egin zuten- eta Boiron, bigarren txandan nagusi izan ziren. Egun batetik bestera nola aldatu daitezkeen gauzak.

Bizkaitarrek bosgarren postuan bukatu zuten igandeko estropadan eta Donostiako badian Kontxarako txartelaren borrokan hortxe egongo direla bermatu zuten.

Lehia horretan egongo dira Getaria eta Kaiku ere. Getariarrek sekulako denboraldia egin dute -atzo zazpigarren- eta ez litzateke miraria Kontxako Banderan lehiatzen ikusiko bagenitu. Bosgarren dira liga erregularrean, merezimendu osoz. Aurretik atzera egin duena Kaiku izan da. Lekeition azken egin zuenetik, irregular ari dira Jose Luis Kortaren mutilak.

Lekittarra ere izango da asteazkeneko erlojupekoan, baina bizkaitarren kezka nagusia jaitsiera play-offak dira. Sentsazioak berreskuratu zituen “Isuntza”-k Boiron txanda irabazita. Moralarentzako hauspo ona izan daiteke.