GARA
LONDRES

Munduan milioika neskak ezin izango dute eskolara itzuli gosetearen eraginez

Neskak ura garraiatzen Balutxistanen.
Neskak ura garraiatzen Balutxistanen. (Fida HUSSAIN | AFP)

Nazioarteko Plana erakundeak ohartarazi duenez, elikadura krisiak arriskuan jarriko du neska eta nerabeen belaunaldi oso baten hezkuntza eta, ondorioz etorkizuna, ezin izango dutelako eskolara bueltatu gosetearen eraginez.

«Lehortea hasi zenetik, askotan kale egiten dut eskolan, etxean lehentasunak daudelako: abereak zaindu edo ur bila joan, gero eta urrunago. Goizean goiz irten eta eguerdira arte ez naiz etxeratzen, beraz, ezin naiz eskolara joan hain berandu», dio Hibbaq-ek, 18 urteko somaliarrak. Berak bezala, milioika neskak utzi beharko dute eskola Somalian, Afrikan eta mundu osoan. Haien eskubideak urratzeko aukerak areagotzen ditu horrek.

Klima larrialdiari Ukrainako gerrak eragin duen elikadura krisia gehitu zaio. Hori guztia, pandemiaren eragina ahaztu gabe.

Aurten 53 milioi pertsona goseak jota egongo direla uste da, eta jada 5 urte arteko 45 milioi haurrek desnutrizioa pairatzen dute.