Maite UBIRIA
ZIBURU

Kaskarotenea ardatz, nonahi euskaraz ikasteko bermeak eskatu ditu Seaskak

Aurten 10. urteurrena ospatuko duen Kaskarotenea ikastolak Ziburuko erdigunean egoitza duina lortu izana txalotu du Seaskak. Hala ere, Ipar Euskal Herri osoan haurrek euskaraz ikasteko hautua ukan dezaten bidea dagoela egiteko ohartarazi du. Ikastoletako arduradunak hilaren 14an azterketen auziari buruz Parisen eginen den bilerari so dira.

Eneko Aldana-Douat auzapeza eta Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria, Kaskarotenea ikastolako bi ordezkariekin, atzo, Ziburun.
Eneko Aldana-Douat auzapeza eta Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria, Kaskarotenea ikastolako bi ordezkariekin, atzo, Ziburun. (Guillaume FAUVEAU)

Kaskarotenea ikastola 12 ikaslerekin sortu zen badira 10 urte. Alta, irailaren 1ean 67 haurrekin egin zuen sartzea. «Herrian matrikulazio hazkunderik handiena izan duen ikastetxea da», aitortu zuen, atzo, ikastolak Ziburuko erdigunean izanen duen egoitza berrian Seaskak antolaturiko agerraldira bertaratu zen Eneko Aldana-Douatek, Ziburuko auzapezak. Iazko ikasturtean 49 ikasle zituen; aurten 67 ikasle izanen ditu ikastolak.

«Sinets iezadazue, bereziki plazer dut Ziburuko Kaskarotenea ikastola berrian izatea», adierazi zuen, bere aldetik, Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak. Xabi Biscay ikastolako aita alboan zuela, biek ala biek oroitarazi zituzten, lehenik eta behin, ikastolak hastapenean pairatu zituen zailtasunak, lur eremua «prezio lotsagarrian» ordaintzera behartua izan zelako. Aurreneko udal gobernuak ezarritako oztopoekin batera, horrek zalantzak eragin zituen egitasmoaren egingarritasunari buruz. Gurasoen grinak, alde batetik, eta «Euskal Herri osotik jasotako elkartasunak», bestetik, Ziburuko ikastetxea egonkortzea ahalbidetu zutelako harro azaldu ziren, atzo, ikastoletako ordezkariak.

Ziburun atzemandako irtenbidea zergatik ez den posible Beskoitzen galdetu zuen Jorajuriak, Lapurdi ipar-ekialdeko herrian Udalak ikastolaren garapenari jartzen dizkion trabak gainditzeko lanean jarraituko dutela berretsi aitzin.

Era berean, murgiltze ereduaren garapenari begira «denok gara beharrezko» nabarmendu zuen Jorajuriak, Larraine, Barkoxe eta Irisarriko eskola publikoetan euskarazko hezkuntzak aurten ezagutu duen aitzinamendua txalotuz.

Alta, Brebet eta Baxoa proben karietara frantses Gobernuak gibelera egin izana deitoratu zuen Seaskako buruak.

Are, azterketak euskaraz egiteko eskubidea berriz ere bermatu arte zentzu handirik ez duela Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmen berria negoziatzen hastea iradoki zuen Peio Jorajuriak.

Hala, hilaren 14an Parisen iraganen den bilerara beha izanen dira Seaskako ordezkariak. EEPren lehendakari Antton Kurutxarriri eta Ipar Euskal Herriko diputatuei eta senatariei egokituko zaie bilkuran «herri honek hobesten duen hizkuntz politikaren bozeramaile gisara aritzea», Jorajuriak atzo azaldu zuenez.

Parisetik hel daitezkeen berrien zain, Bordeleko Akademiari dagokionez, lehenengo lepotik burua. Ikasturte hasieran Seaskako kolegioetan jaso duten gutunean kurtsoen %50 gehienez eman daitezkeela euskaraz idatzi du Erretoretzak, «murgiltze eredua existituko ez balitz bezala jokatuz».