GARA
SAN SALVADOR

Konstituzioak debekatzen duen arren, hautagai izango da Bukele

Nayib Bukele El Salvadorreko presidenteak berrautaketarako aurkeztea erabaki izanak zalantza ugari sortu ditu, urrats horren legezkotasunari dagokionez. Konstituzioaren aurka doa, baina Justizia Auzitegi Gorenean jarritako gertuko epaileen babesa dauka.

Nayib Buekele, El Salvadorreko presidentea.
Nayib Buekele, El Salvadorreko presidentea. (Oscar RIVERA | AFP)

1983tik El Salvadorren indarrean dagoen Konstituzioak sei artikulutan galarazten dio presidenteari elkarren segidako bi agintaldi egiteko aukera, eta horrek orain arte estatuburuak boterean bost urtez soilik egotera behartzen zituen.

Are gehiago, «presidentetza txandakatzearen» alde egiten du Konstituzioak, herrialdearen funtzionamendu politiko onerako «ezinbestekoa» dela-eta. «Arau hori urratzeak nahitaez matxinatzera behartzen du», jasotzen du esplizituki.

Nolanahi ere, Bukelek Justizia Auzitegi Goreneko Konstituzio Arloko Salaren epai bat du helduleku nagusitzat. Iazko maiatzean emandako epai horretan, egungo Konstituzioaren berrinterpretazioa justifikatzeko, berau indarrean sartu zenetik igarotako denbora aipatzen zen.

Hala, herrialdeko instantzia judizial gorenak, ofizialismoak kontrolatzen duen Asanblea Nazionalaren aginduz birmoldatu zenak, interpretatu zuen presidente batek bere burua aurkezteko duen borondateak «soilik esan nahi duela herriak bere aukeren artean izango duela une horretan presidentetza betetzen duen pertsona», eta ez duela zertan berriz hautatua izan. Magistratuen ustez, konstituziogileek «babestu» nahi izan zuten balizko berrautaketa «hauteskunde libre eta berdintasunezkoen» eskutik iristea; hau da, Bukelek bigarren agintaldia lortu nahi bazuen «nahitaez» hauteskundeetara aurkeztu eta herritarren iritzia jaso behar zuela.

Hauteskunde Auzitegi Gorenak epai horren ondoren argitu zuenez, Auzitegi Gorenaren irizpenak «apelaezinak eta nahitaez bete beharrekoak» dira, eta hala aditzera eman zuen presidentea bigarren agintaldi baterako hautatua izan zitekeen hauteskundeetan aurkez zitekeela.

Itxura guztien arabera, Bukelek Gorenaren epaiari helduko dio, baina horretarako berariazko baldintza bat izan beharko luke kontuan: aldi berria hasi baino gutxienez sei hilabete lehenago kargua utzi beharko luke. Epe horretan, lehendakariordeak hartuko du lehendakaritza.

El Salvador en Paz Aliantza Nazionalak, aste honetan Bukeleren aurkako protestak deitu dituenak, «matxinadarako eskubidea» defendatu du presidentearen asmoen berri izan ondoren, mobilizazio gehiago izango direla aditzera emanez.