Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Euskal Herriko surflariak nagusi Europako WSL Junior zirkuituan

Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko surflariak dira nagusi 20 urtetik beherako Europako WSL zirkuituan. Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Nicolas Paulet biarriztarra izan ziren Bretainiako probako irabazleak. Rankingetan ere buru dira euskal surflariak.

Goitik behera, Kai Odriozola, Bitor Garitaonandia eta Bretainiako ikusleak.
Goitik behera, Kai Odriozola, Bitor Garitaonandia eta Bretainiako ikusleak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Irailaren 11n amaitu zen Europako WSL Junior zirkuituko hirugarren Txapelketa Bretainian eta Euskal Herriko bi surflari izan ziren garaileak, Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Nicolas Paulet biarriztarra. Oraindik beste txapelketa bat falta da gaztetxoen zirkuitua amaitzeko, baina oraingoz Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko surflariak dira nagusi nesken zein mutilen rankingetan.

Bitor Garitaonandia debarra da buru mutilen Europako Junior rankingean eta neskenean, berriz, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra da nagusi. Horiez gain, 20 urtetik beherako surflariak lehiatzen diren Junior zirkuitu europarreko rankingean euskal lehiakide andana ikus daiteke postu gorenetan.

Europako Junior zirkuituko azken proba Azoreetan egingo da urriaren 15 eta 17 bitartean, eta horren ostean erabakiko da abenduan egingo den munduko Junior txapelketarako pasea nork eskuratzen duen. Nesken zein mutilean rankingean lehen eta bigarren postuan amaitzen duten lehiakideak izango dira munduko Junior txapelketarako sailkatuak.

LA TORCHE

Aurtengo Europako Junior zirkuitua osatzen duten lau txapelketetako hirugarrena izan zen irailaren 11n Bretainiako La Torche hondartzan amaitu zena. Metro bateko olatu ederrak izan ziren eta Nicolas Pualet biarriztarra eta Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra izan ziren garaileak, baina gainerako euskal surflariek ere emaitza bikainak eskuratu zituzten.

Mutilen zein nesken kategorietako finalerdietan lau lehiakidetik hiru euskal hiritarrak izan ziren. Zehazkiago, mutilen kategorian Kai Odriozola donostiarra geratu zen bigarren postuan, eta Kepa Houset bidartarra hirugarren postuan geratu zen, Francisco Ordonhas portugaldarrarekin batera.

Nesken kategorian, berriz, euskaldun bat eta bretoi bat izan ziren buruz buru finalean, Annette Gonzalez-Etxabarri eta Maelys Jouault. Azken honek babes handia jaso zuen ikusleengandik etxean jokatzen baitzuen. Bretainiako banderak astintzen zituzten lagunek sutsuki animatu zuten surflari gaztea, baina azkenean bigarren postuan geratu zen, bere aurkari zumaiarrak sekulako maila erakutsi baitzuen.

Finalerdietan kaleratuak izan ziren Sarah Leiceaga eta Hina-Maria Conradi biarriztarrak, berriz, hirugarren postuan geratu ziren eta horri esker ranking orokorrean postu on bat egonkortzea lortu zuten.

JUNIOR RANKINGA

Gauzak horrela, eta txapelketa bakar baten faltan, Europako Junior rankingean aldaketa batzuk izan dira azken txapelketaren ostean eta zalantzarik gabe baiezta daiteke euskal surflariak nagusitzen ari direla; izan ere, nesken zein mutilen rankingean, lehen hamar postuetan diren lehiakideetatik sei Euskal Herriko surflariak dira.

Nesken kategorian Janire Gonzalez-Etxabarri da buru, hain zuzen ere iazko Europako Junior txapela irabazi eta munduko Junior finalean lehiatzeko pasea lortu zuen zumaiarra. Zoritxarrez, covid-19aren pandemiaren ondorioz ez zen egin munduko Junior txapelketa eta zumaiarrak ezin izan zuen munduko titulua lortzeko lehiatu, baina aurten egoera baretu da eta iaz galdutako aukera berreskuratu ahal izango du.

Bigarren postuan Maelys Jouault bretoia dago eta hirugarren postua Annette Gonzalez-Etxabarrirentzat da. Laugarren eta bosgarren postuan kanariar bat eta tahitiar bat daude, eta seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan, berriz, hiru biarriztar, Hina-Maria Conradi eta Liceaga ahizpak, Sarah eta Ainhoa.Mutilen kategorian Bitor Garitaionandia debarra da rankingeko buru. Bigarren postuan Noa Dupoy frantsesa dago eta hortik behera euskal izen ugari ikus daitezke errenkadan. Markel Vizcarguenaga gorliztarra hirugarren, Kai Odriozola donostiarra laugarren, Yago Dominguez algortarra bosgarren, Nicolas Paulet biarriztarra seigarren eta Keoni Lasa zarauztarra zortzigarren.Lehiakide horien guztien helburua urrian Azoreetan egingo den txapelketaren ostean aurreneko bi postuetako batean egotea da, lehen bi lehiakideak soilik sailkatuko baitira munduko Junior txapelketan parte hartzeko.

WSL erakundeak oraindik ez du zehaztu munduko Junior txapelketa non izango den, abenduan egiteko asmoa dutela jakinarazi du soilik. Afrika, Asia, Australia, Europa, Hawaii/Tahiti, Ipar Amerika eta Hego Amerika eskualdeetan egingo diren itzulietako hautatuek eskuratuko dute munduko Junior finalean parte hartu eta titulu mundiala irabazteko aukera.