Surflari ernegatua

Aukerarik okerrena

AEBak, Australia, Frantzia, Japonia, Kanada, Alemania, Peru, Argentina, Ingalaterra, Costa Rica, Israel eta Mexiko. Herrialde horietako gehienek surfarekin lotura handirik ez dutela pentsa dezake irakurleak, eta kasu gehienetan horrela da, baina herrialde horietako surf selekzioak Espainiakoaren gainetik geratu dira Kalifornian egin berri den herrialdeen arteko munduko ISA txapelketan.

Atal honetan ez dut selekzioen arteko txapelketen berri ematen, euskaldunon selekzioa onartzen ez den artean gainerako guztiak atzerritarren zakuan sartzen baititut, baita Euskal Herriko surflariak Espainia, Frantzia edo beste edozein herrialdetako selekzioekin lehiatzen direnean ere. Soilik euskal herritar batek garaipen esanguratsu bat lortzen badu argitaratzen dut berria, baina oraingoz ez da halako kasurik izan.

Gainera, Espainiako selekzioan ari diren euskal herritarren jarraipen zehatza egiteko EITB dago, eta ondorioz, baita gainerako euskal komunikabide guztiak ere, egunkari hau barne, irizpide propiorik ezean, argitaratu beharreko albisteen garrantzia komunikabide handiek erabakitzen baitute. Salbuespen bakarra astelehenetan argitaratzen den atal hau da, antza; horregatik aritu behar dut, behin eta berriz, berriak hautatzeko erabiltzen ditudan irizpideak zeintzuk diren argitzen.

Surf munduan garrantzi handien duten WSLko txapelketei eta zirkuituei erreparatuz gero, ikusiko dugu Euskal Herriko surflariak Europako onenen artean direla, baina Olinpiar Jokoetan plaza bat eskuratzeko, herrialdeen arteko lehiaketetan parte hartzeko, selekzio bat hautatzen dutenean, batzuk lotsagarri geratzen dira. Ez da Frantziako selekzioa hautatzen dutenen kasua, WSLko txapelketetan lortzen dituzten emaitzen antzekoak eskuratzen baitituzte ISAko txapelketetan. Aitizik, Espainiako selekzioa hautatzen duten surflariak olaturik ez duten herrialdeen atzetik geratzen dira. Bitxia dirudi, ezta? Sinplea da, ordea. Zer espero du Espainiako erakunde bat hautatzen duenak? Egiaz talentua badu, beti galtzen aterako da, eta gainera besteen begietara ere lotsagarri geratuko da. «Ole Toro! Tapas y paella!» eta antzekoak entzun beharko ditu, ordezkatzen duen banderak El Fary, Torre Bruno eta Torrente irudikatzen baititu. Horregatik, beste herrialde bateko selekzioa hautatzeko aukera duten lehiakideei Espainiako selekzioa ez hautatzeko aholkatzen diet, baina alferrik da, surf albisteak hautatzeko erabiltzen diren irizpideak bezala, surflarien erabaki pertsonalak ere haien ingurune gero eta espainolagoak baldintzatzen ditu eta.

Azken egunetan behin eta berriz ikusi ditugu espainiar selekzioarekin Huntingtonen lehiatzen ari ziren Gipuzkoa eta Bizkaiko surflariak hainbat hedabidetan. Meritu handiagoa du Challenger Series itzulian aritzeko plaza bat eskuratu eta munduko onenekin lehian aritzeak, baina surflari berberak CS itzuliko txapelketa batean lehiatzen direnean ez zaie halako jarraipenik egiten. Zergatik?