Xole ARAMENDI
iruñea

Castillo Suarez: «Nire lanaren aitortza bezala hartu dut euskaltzain oso izendatzea»

Euskararen Akademiak euskaltzain oso izendatu du Castillo Suarez idazle nafarra eta Patxi Zabaletaren hutsunea beteko du Euskaltzaindian emeritu izendatu baitute. Atzo egin zen bozketan beharrezkoa den gehiengo osoa eskuratuta, orain zortzi hilabete izango ditu sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Castillo Suarez idazlea 2019an, «Irautera» poema liburu atera berria eskuan.
Castillo Suarez idazlea 2019an, «Irautera» poema liburu atera berria eskuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu zuen atzo Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin zuten, Patxi Zabaleta emeritua izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Castillo Suarezek eskuratu zuen Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Beste hautagaiak, Paula Kasaresek, uko egin zion hautagaitzari bozketa izan aurretik.

Aurtengo maiatzean Baztango udaletxean egin zen osoko bilkuran Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Patxi Zabaleta euskaltzain osoa; izan ere, emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Bilkura horretan zabaldu zen, era berean, hautagaiak aurkezteko epea.

Hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea amaituta, bi aurkeztu zituzten euskaltzainek uztailaren 22an Alkizan egindako osoko bilkuran: hain zuzen ere, Paula Kasares eta Castillo Suarez.

Sagrario Alemanek, Bernardo Atxagak, Miren Agur Meabek eta Paskual Rekaldek sinatu zuten Suarezen hautagaitza.

Atzoko bozketa egin ostean jaso zuen izendapenaren berri Suarezek. Orduan hartu zuen Iruñerako bidea, protokoloak zehaztu bezala. Pozik hartu du berria idazle altsasuarrak. «Aitortza da. Nire bizitza osoa eskaini diot euskarari, bai nire lanbidean, bai nire sormenaren bitartez, baita nire militantziaren bitartez ere. Euskalgintzako hainbat erakundetan egon naiz», adierazi zion GARAri.

Aitortzarekin batera, lan egiteko gonbita. «Iaztik ari naiz Sustapen Batzordean», kontatu zuen. Euskarak gure jendartean duen presentzia bultzatzeko estrategiak eta neurriak lantzen ditu aipatu batzordeak. Jagon jardunaldiak ere Sustapen Batzordeak antolatzen ditu, besteak beste. Horrez gain, bere aurretik euskaltzain oso izendatu zuten Miren Agur Meaberekin batera, biak idazleak izaki, literatura garaikidea jorratzeko nahia agertu du. «Lan izugarria egin da literatura klasikoa biltzen eta guk literatura garaikideari eman nahi diogu bultzada», esan zuen.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Altsasuko euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe bera izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

Castillo Suarezek Altsasun egingo du sarrera-hitzaldia. Dagoeneko garbi du izenburua: “Maitasunaren botanika”. «Orain badago eko-poesia deitzen den ildoa eta hori izango da gaia. Izenburua badaukat; hitzaldia, oraindik ez! Liburuak ere berdin egiten ditut: izenburua erabaki arte ez naiz hasten idazten. Horrekin iruditzen zait ja erdia eginda daukadala». [barreak]

Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta toki-administrazioko euskara teknikaria da ogibidez. Bere literatura lanera etorrita, batik bat, poesiak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak “Souvenir” (2008, Elkar), “Urtebetetze festa’ (2012, Elkar), “Irautera” (2019, Elkar) eta “Elurra elurraren gainean” (2022) izan dira.

Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da. Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, eta horien artean dago “Ebelina Mandarina” (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat dauka: “Iparraldeko neska”. Hainbat literatura sari eskuratu ditu.