GARA
ESKUBALOIA

Etxean otso Iruñean eta indarrak kudeatu beharrean Bartzelonan

Anaitasunak aurkari zuzena den Cuenca hartuko du eta Bidasoak Kolstaden aurkako astearteko partida izango du buruan Bartzelonaren aurka.

Asobal ligako Euskal Herriko bi taldeek oso bestelako bi partida jokatuko dituzte gaur: Anaitasunak etxean irabazten jarraitu nahi duen bitartean, Bidasoak urteroko ezinezko misioa izango du Bartzelonan; areago, hiru egun barru Norvegiako Kolstaden aurkako itzulerako partida jokatu behar duenean.

Hiru goleko aldea defendatu beharko dute asteartean Jacobo Cuetarenek eta Europako abenturan bizirik jarraitzeak klub osoarentzat duen garrantziaz jabetuta, normala litzateke irundarrek esfortzua kudeatzeari arreta berezia ipintzea, betiere Bartzelonaren aurka punturen bat urratzea zeinen zaila den jakinda. Lehiakor izaten jarraitzea izango da lehentasuna ligako liderraren aurka eta Eneko Furundarena, Gorka Nieto, Julen Mujika, Tao Gey edo Xabier Barretok ohikoa baino protagonismo handiagoa izan lezakete, titularrei atsedena eman asmoz. Dariel Garciak eta Victor Rodriguezek ezin izan zuten Kolstaden aurka jokatu arazo fisikoak zituztelako eta ikusteke dago minuturik izango duten itzulerako partidarako prest egoteko.

Bartzelonako partida (16.15) amaitu bezain laster hasiko da Anaitasunaren lehia Iruñean. Sasoi onean datorren Cuenca hartuko dute 19.00etatik aurrera, etxeko bolada onari jarraipena emateko asmoz. Ez dute lan errazik izango, Cuenca ere sasoi ederrean helduko baita Nafarroara.

Anaitasunak argi du, garaipena lortzeko, defentsa lana funtsezkoa izango dela. Iruindarrak Asobalen golik gutxien jaso duen taldea dira (109) lehen lau jardunaldi hauetan, eta lan horrek bi garaipen eta berdinketa bat lortzeko balio izan die eta puntuak batzen jarraitu nahi dute.