Imanol INTZIARTE
ORDIZIA
Entrevue
Ion barandiaran
Ordizia Rugbyko lehendakaria

«Iazkoa errepikatzea oso zaila izango da, baina saiatuko gara»

Asteburu honetan hasi da errugbiko Ohorezko Maila. Bazirudien Ordizia izango zela euskal ordezkari

bakarra, baina azkenean Gernika ere lehian egongo da. Gorabehera asko izan dira azken hilabeteetan

zelaitik at. Goierrikoek entrenatzaile berriarekin egingo diote aurre denboraldiari.

Ordiziak ligako finala jokatzea lortu zuen joan den denboraldian, baina eztia ezpainetan geratu zitzaion. Kopako finalerdiak ere jokatu zituen. Mugarri horietara hurbiltzea oso arrakastatsua izango litzateke taularen goiko erdian finkatzea helburu duen klub batentzat.

Kirol arloaz gain, hilabete mamitsuak izan dira bulegoetan, ‘formakuntzako’ jokalarien ika-mikarekin, Alcobendasi jarritako zigorrarekin eta Gernikaren jaitsiera bertan behera uztearekin.

Hastear da denboraldi berri bat. Gogoz al zaudete?

Bai, bai. Denbora nahikoa pasatu da azken partida jokatu zenetik, urrian gaude eta denboraldia hasteko gogoarekin.

Aldaketa asko egon al dira taldean?

Badauzkagu aldaketa batzuk. Badauzkagu lau jokalari fitxatuta, baina oraindik hemen ez daudenak. Arazo asko ari gara edukitzen dokumentazioarekin jatorrizko herrialdeetan. Akordioak itxita dauzkagu, baina hona etorri arte ez ditugu ofizial egingo.

Bat daukagu hemen, Brian Gonzalez pillier argentinarra. Gero Antxon Iriondo durangarra edukiko dugu bigarren lerroan, iaz Hendaian jokatu zuena. Falta diren lau horiek laster egotea espero dugu. Aldaketa batzuk egon dira, baina oinarria berdina da.

Aldaketa nagusia aulkian egongo da. Iñigo Marotias ez da izango entrenatzailea eta bere postua Federico Gallo argentinarrak hartuko du; gaztea -35 urte- baina esperientzia duena.

Bai, esan dezakegu taldearen aldaketa handienetako bat hori izango dela. Asier Pazos prestatzaile fisikoak ere ez du jarraituko -Iruñeko La Unicaren entrenatzailea izango da-, Iñigo kirol zuzendaria izango da, eta Federico ekarri dugu Argentinatik. Iaz jokalari moduan egon zen Arturo Rivas egongo da bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko bezala. Joango dira pixkanaka beren zigilua ezartzen.

Joan direnek langa oso goian utzi dute. Iaz Ligako finala eta Kopako finalerdia jokatu zenuten…

Iazkoa errepikatzea oso zaila izango da, aurten aurkariak asko indartu dira. Gu gauzak ahal dugun hoberen egiten saiatuko gara, baina ezin dugu exijitu final batera iristea.

Garbi dago saiatuko garela, hor ez dago inongo dudarik, baina denboraldia ona edo txarra izatea ez da horren mende egongo.

Helburua Ligan play-offetan sartzea izango da. Eta Kopan, formatua aldatu da, lehen itzuliko sei lehenak sailkatuko dira, eta garrantzitsua izango da horien artean egotea.

Azken hilabeteetan itsaso zakarra egon da errugbi inguruan. Espainiako selekzioa Mundialetik at, hauteskundeak federazioan, Alcobendasi zigorra, Kopako finala atzeratu, hamahiru talde Ohorezko Mailan…

Ezinegon pixka bat eduki dugu. Aurreko astean oraindik ez genekien erabateko ziurtasunez Ligako formatua zein izan behar zen. Iraila hilabete xelebre xamarra izan da. Alcobendas borroka judizial horretan berea defendatzen ari da, nahiz eta talde gehienek beste erara ikusten ditugun gauzak.

Gernikak ere bere helegitea aurkeztu zuen, arrazoia eman zioten eta azkenean hamahiruko liga izango da. Hauxe da dagoena, egoerara egokitu behar gara eta aurrera, baina ez da atsegina izan.

Polemika honen erdian ‘F’ famatua kokatzen da, formakuntzaren agiria, kanpoko jokalari gehiago fitxatzeko erabili dena… Nola ikusten duzue?

Zentzu horretan ez daukagu urduritasun berezirik, badakigu egin ditugun gauzak ondo eginda daudela. Aurten Federazioak, bere bizkarra kubritzeko, dokumentu bat eman digu sinatzeko, eta hor esaten dugu egin ditugun gestioak benetan ondo daudela, zilegi direla. Gauzak ondo egin ditugun ziurtasun hori badaukat, Alcobendasi gertatutakoa behintzat ez zaigu gertatuko.

Orain dela urte gutxi lau euskal talde zeundeten Ohorezko Mailan. Gaur egun ia zuek bakarrik, baina azken momentuan Gernikak hor segituko du…

Euskal taldeek, Espainiako maila kontuan hartzen badugu, nahiko maila ona daukagu. Baina badaude klub batzuk diru gehiago daukatenak, fitxaketa pilo bat egiten dituzte, eta kasu honetan horrek euskaldun gutxiago egotea ekarri du.