Surflari ernegatua

Adio buruila

Iraila joan da, iratzea bere onenean izaten den hila. “Buruila” ere deitzen omen zuten antzina Euskal Herrian, irailean hasten zelako urte berria, hortik dator “buru-hila” erreferentzia. Surflariontzat ere antzeko zerbait da, udako kalma zuriaren ostean berriz ere surf egiten hasteko sasoiari hasiera ematen dion hilabetea da eta, gainera, itsaski ederrak eskaintzen ditu sarritan, nahiz eta aurten ez den horrela izan.

Itsasoko uraren tenperatura gurean lehorrekoaren atzetik doala esan ohi dut sarri, gutxi gorabehera bi hilabeteko atzerapenarekin. Horregatik maiatzean eguna luzatzen hasi arren, ura oraindik hotz izaten da eta irailean, ostera, eguna laburtzen hasi arren ura oraindik bero egoten da. Beste adibide bat jartzearren, azaroan egunak laburrak dira, baina ura ez dago oraindik oso hotza.

Surfari eskaintzen diogun atal honetan badirudi ekainarekin batera denboraldi berri bati ekiten diogula, udako eguzkiarekin surf taulaz betetzen baitira hondartzak. Aitzitik, surflari askok surf gutxien egiten dugun urteko sasoia izaten da uda. Zergatik? Surflari bati noiz itsasoratu behar duen itsasoak berak agintzen diolako.

Egunero ikus daitezke surflariak itsasoan, edozein ordutan, edozein eguraldirekin. Hori lehen pentsaezina zen; soilik baldintzak onak zirenean itsasoratzen ginen, itsasaldia, olatuen tamaina eta haizea kontuan hartuta. Egun, ordea, denbora librea dugunean kirol apur bat egiteko bitartekoa ere bada surfa; horregatik jende asko ahal duenean itsasoratzen da, baldintzak edonolakoak direla ere. Hau da, ez dira itsasoratzen “itsasoak agintzen” dienean, ahal dutenean baizik. Hori sekulako aldaketa izan da.

Itsasoratzeko ohituren aldaketa horrekin batera, bestelako ohiturak ere sortu dira. Adibidez, aspaldidanik surf egiten dugunok ere hasi gara baldintzak txarrak direnean itsasoratzen, forma ez galtzeko eta hurrengo itsaskia iristen denean sasoian egoteko. Baina baita itsasoan ibiltzeak ongi sentiarazten gaituelako ere. Agian, olatu eskasak hartuko ditugu, hotza pasako dugu, baina irten ostean on egiten du. “Surf terapeutikoa” deitzen diogu horri lagun artean.

Udazkena iritsi da, ordea; itsaski ederren garaia da eta orain prest egotea besterik ez zaigu geratzen surflarioi, itsasoak hautatzen duen momentuan behar dugun lekuan egoteko, hots, itsasoaren deiari erantzun ahal izateko, eta lortzen dugunean, dagokigun unean dagokigun olatua hartzea lortzen dugunean, horri lagun artean “zoriontasuna” deitzen diogu.

Voltairek esaten zuen moduan, prestaketa eta aukera elkartzen diren unea da zortea, baina zortea zirikatu egin behar da, baldintzak sortu egin behar dira. Laster iritsiko dira lehen itsaski garbiak, ipar-mendebaldetik datozen uhin lerroak, hego haizeak orraztutako olatu berdeak, eta une egokian leku egokian egon beharko dugu. Horretarako bi gauza beharko ditugu, denbora librea eta olatu egokiak noiz eta non izango diren aurreikusteko jakintza. Duela gutxi arte, une zehatz horretarako prestatzen zirenak ziren surflariak. Hori ere aldatu da.