Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Historiak ezabatutako emakume poetei aitorpena, «Poetandreak» lanean

Maite Lopez Las Heras itzultzailea.
Maite Lopez Las Heras itzultzailea. (Maialen ANDRES | FOKU)

Grekoz eta latinez idazten zuten antzinako emakume poeten antologia osatu du Maite Lopez Las Heras itzultzaileak “Poetandreak. Literatura greko-latindarrean” lanean, Balea Zuria argitaletxearen eskutik. Aurretik Saforen poesia guztiak itzuliak zituen, eta orain ere egile horretatik abiatzen da -antologia haren aukeraketa bat egin du-. Aro arkaikotik, klasikora, helenistikora eta erromatarren garaira egiten du salto, horietan aurkitu dituen emakumezko poetei aitorpena eginez.

Itzultzaileak aurkezpenean azaldu zuenez, Kristo aurreko VII. mende eta Kristo ondorengo V. mendearen artean idatzi zuten 24 poetaren lan aukeratuak bildu ditu; 21ek grekoz idazten zuten eta hiruk latinez. Kanpoan utzi ditu kristauak, eredu klasikotik aldentzen direlako.

Beste egile batzuk ere izan ziren, baina ukatuak izan ziren; «emakumeengandik espero ez ziren gaiak jorratzeagatik isilarazi eta ezkutatu» egin zituzten. Izan ere, poetek ez zituzten maitasun testuak idazten soilik, baita madarikazioak, hildako animaliei zuzendutakoak, ardoari, hirien ereserkiak... Poeta batzuen testurik ez baina izenak iritsi zaizkigu eta, gehiago ez galtzeko, jaso dituen guztiak aipatzen ditu Lopez Las Herasek liburuaren sarreran, irakurlea kokatzeko kronologia eta hitzaurrearekin batera.

Izenburuaren gainean «poetandrea» hitz asmatuaren zergatia azaldu zuen. Bere asmoa da hitz hori erabiltzea idazlea emakumea dela bereiztea beharrezkoa denean. Era berean, “poeta” latinetik dator eta “andrea” grekotik (“gizon” esan nahi du). Hitz-joko polita iruditzen zitzaion.